“Rey Desnudo y Chico Muerto” antzezlana bueltan da Pabellón 6en

uriola.eus 2023ko api. 19a, 13:47

“Rey Desnudo y Chico Muerto”. Argazkia: Pabellon 6.

Antzezlana apirilaren 21etik maiatzaren 7ra bitartean egongo da ikusgai, ostiraletik igandera. Sarrerak www.pabellon6.org web atarian daude eskuragarri.

Lana duela urtebete Deustuko Erriberako antzokian estreinatu zen arren, geroztik beste zenbait udalerritan antzeztu egin da. Ostiralean, berriz ere, Pabellón 6en aukera egongo da antzezlanaz gozatzeko.

“Rey Desnudo y Chico Muerto” Bilboko Casilda Iturrizarren parkean kokatuta dago, 2016an, udako larunbat bateko goizaldean, minutu bateko benetako denboran gertatzen den istorio bat kontatzeko. “58 segundo horiek hedatu eta uzkurtu egiten dira, denbora bera bezala, eta 2.000 urte atzera egiten dute”, kontatzen du sinopsiak.

Dramaturgia eta zuzendaritza lanak Iñigo Cobok egin ditu. Bestalde, Sara Barroetak, Jon Casamayorrek, Itxaso Gilek, Josh Ortiz de Zaratek eta Arnatz Puertasek antzezle lanak egiten dituzte, XXI. mendeko Bilboko pertsonaia garaikideei eta Gay Historiaren ordainei bizia emanez.

Muntaketak egungo gazte homosexualen errealitatea erdigunean jartzearen aldeko apustua egiten du. Finean, antzezlanak, aurreko belaunaldiekiko LGTB gazteriaren “zor historiko”-ari buruz hitz egiten du.

Bestalde, hainbat teknikarik ere parte hartu dute antzezlan honen ekoizpenean: Betitxe Saitu (jantziak), Maria Casanueva eta Susana Diez (eszenografia), Quique Gago eta Aitor Garcia (argiztapen-diseinua) eta Xabier Barrutia (musika eta soinu-espazioa).

Obra apirilaren 21etik maiatzaren 7ra bitartean egongo da ikusgai, ostiraletik igandera. Sarrerak erosteko www.pabellon6.org-eko web atarian izango dira eskuragarri.