Dantzaren Nazioarteko Eguna datorren larunbatean, apirilaren 29an, mundu osoan ospatuko den arren, aurten Bilboko La Fundición aretoa egun batzuk lehenago hasiko da efemeridea ospatzen. Deustuko espazioak 36 urte daramatza dagoeneko dantza garaikideko emanaldien programazioan espezializatua –nahiz eta beti zabalik dagoen bestelako arte eszenikoen emanaldiak ere egiteko–. Horregatik, aste berezi honetan, programazioaren ahaleginak bikoiztu nahi izan dituzte.
Ostegunean, apirilaren 27an (19:00etan), “10 emakumek, mundua dantzan” liburua aurkeztuko dute, Punto de Fuga Bilboko espazioak editatu eta Bilboko Doos Colectivo dantza konpainiak sustatutako lana. Obra euskaraz eta gaztelaniaz aurkeztuko da eta haur zein helduentzat dago pentsatuta. Bertan, dantza irauli zuten 10 emakumeren biografiak jasotzen ditu: Isadora Duncan, Martha Graham, Pina Bausch... Testuekin batera –Mercedes L. Caballero kazetari espezializatuak idatzi ditu eta Bea Apariciorenak dira ilustrazioak–, 10 protagonistetako bakoitzak duen dantzaren ikuspegian oinarritutako jarduera praktikoak egingo dira, etxeko txikiak eta familiak dantzan jartzeko asmoz.
Asteburuan (apirilaren 29 eta 30ean, 19:00etan), ospakizunekin jarraituko dute, eta Estatuko dantza garaikidearen bi izen handi elkartuko dituen proposamen ohiz kanpokoa izango da. Alde batetik, Altraste Danza konpainia arabarra, Ignacio Monterrubio musikariak eta Zuriñe Benavente dantzariak osatzen dute eta hiru urteko nazioarteko ibilbide arrakastatsua izan eta gero, Euskadira itzultzea eta sorkuntza-zentroa hemen sortzea erabaki zuten. Bestetik, Guillermo Weickert ezinbesteko figura da 90eko hamarkadako arte eszenikoen berrikuntzan, koreografoa, eszena-zuzendari eta/edo interpretea da, eta bere ikuskizunak egiteaz gain, askotariko izenekin aritu da lankidetzan, besteak beste Niño de Elcherekin, 'The Hole’ makrokabaratarekin edo Ana Morales flamenko-dantzari eta 2022ko Dantza Sari Nazionalaren irabazlearekin.