Zuhaitz eta zuhaixka kimuak babestu dituzte Kaputxinos bidean

uriola.eus 2023ko mai. 4a, 14:03
Deustualdeko ekintzaileek Kaputxinos bideko landetan burutu dute ekintza. Argazkia: Ekologistak Martxan.

Ekintzaileek adierazi dutenez, helburua "parkea birnaturalizatzen laguntzea" da.

Deustu inguruko elkarte ezberdinek eta Ekologistak Martxan elkarteak Deustuko Kaputxinoen Bidean ekintza bat gauzatu dute: Zuhaitz-kimu txikiak bilatu eta hodi babesleekin babestu. Jarduera honek udaleko lorezaintzako langileek horiek mozten saihestea bilatzen du: “Horrela, erraz identifikatuko dituzte udaleko lorezaintzako langileek, eta, honela, ez dituzte moztuko hurrengo mozketa batean. Hori eginda, parke hau birnaturalizatzen lagunduko dute”, adierazi dute ekintzaileek.

Hala ere, ez da gauzatu duten ekintza bakarra. Izan ere, pandemia garaian, belar-sastrakak kendu zituzten. Horri esker, 130 basa-landare espezie baino gehiago zenbatu ziren, 2021ean eremu hori lorategi botaniko bihurtuz. Intsektu polinizatzaileak erakartzea garrantzitsua baita inguruko biodibertsitatea handitzeko.

Familien, bizilagunen eta ekologisten elkarteen asmoa, bidean birnaturalizazio-proiektu pilotu bat egin ahal izatea da. Hori lortzeko, Bilboko Udalaren kolaborazioa behar izango dute, “udalarekin hitz egin nahi dugu, eta, beraz, gune honetarako kudeaketa-proposamen bat aurkeztu dugu”, gaineratu dute ekintzaileek.

Honako hauek izan dira ekintzan parte hartu dutenak: Deustuko Familien eta Auzokideen Elkarteetako, Arangoitiko Bihotzaraneko, Zubiarteko eta Deustuko Kanaleko kideak, Lurgaia, Bertoko basoak eta Ekologistak Martxan elkartea.