Implikako langileek 50 egun bete dituzte greban

uriola.eus 2023ko mai. 4a, 14:43

Argazkia: ELA

Mobilizazioen efemeridea izateaz gain, gaur 14 urte bete dira Implika sortu zela.

Implika formazio zentroko langileen greba bere horretan dirau. Izan ere, gaurkoa langileen mobilizazioen 50. eguna izan da. Hala, Deustun dagoen taldearen egoitza baten (Master D) aurrean egin dute kontzentrazioa grebalariek.

ELAk jakinarazi duenez, joan den martxoaren 1ean enpresak 185 pertsona baino gehiago kaleratzeko enplegu erregulazioko espedientea aurkeztu zuen estatu osoan. Ondorioz, langileek martxoaren 16tik aurrera Bilboko zentroetan greba mugagabe bat hastea erabaki zuten, lanpostuak defendatzeko xedez.

Apirilaren 14an, negoziazio aldia bi aldeen arteko akordiorik gabe bukatu zen. Horren eraginez, plantillaren %60 baino gehiago kaleratu zuen enpresak; Bilboko zentroetan 87 langile kasu.

Ildo horretan, Sindikatuak konpromisoa hartu du lanpostuak mantentzeko borroka sindikala eta judiziala egiteko. Aldi berean, enplegu erregulazio espedientearen aurkako demanda prestatzen ari dela jakinarazi du.