Ibarrekolandako Jai Batzordeak komunikatu bat eskaini du joan den jaietako gertakarien inguruan

uriola.eus 2023ko eka. 9a, 13:44

Joan den ekainaren 4an bukatu ziren Ibarrekolandako jaiak. Aurtengo edizioan, hedabide desberdinetan agertu den gertaera bat jazo da: botila baten kolpearen eraginez gizon baten heriotza.

Maiatzaren 26tik ekainaren 4ra ospatu dira aurtengo Ibarrekolandako jaiak. Azken urteetan, behin baino gehiagotan gertatu izan dira biolentziarekin zerikusia zuten liskarrak. Hala ere, aurtengoan aparteko entzutea izan dute ekainaren 2tik 3ra bitarteko gauean botila baten kolpearen ondorioz zendu zen gizonarengatik. Ildo horretan, Ibarrekolandako Jai Batzordeak atzo gauean argitaratu zuen aurtengo jaietako indarkeriazko gertaerak gaitzesteko komunikatua.

Honen bitartez, Batzordeak adierazi izan nahi zuen “bere tristura eta elkartasuna gure bizilagunaren familiari eta lagunei, bai eta edozein indarkeria motaren aurrean gaitzespena eta gaitzespena ere”. Gertaera latz honetaz gain, gau horretan gertatu ziren beste gertakari biolentoak kondenatu dituzte.

Bestalde, publikatutako oharrean autoritateen axolagabekeria kritikatu dute baita ere. “Salatu nahi dugu, halaber, agintariek ostiral arratsaldean zehar 112 zenbakira behin eta berriz egindako deien aurrean erakutsitako axolagabekeria. Bertan, auzoan sortzen ari zen eta hazten zihoan ziurgabetasun egoeraren berri ematen genuen. Izan ere, ehunka pertsona ari ziren borrokan eta ekintza bandalikoak eragiten haur ugari eta, oro har, jende asko zegoen inguruan. Zoritxarrez, gure deiek ez zuten espero genuen erantzuna izan”.

Azkenik, auzoarentzako jai herrikoi, seguruak eta askeak eskaintzeko konpromezua berretsi dute, tankerako gertakizunak errepikatu ez daitezenaren esperoan.