1950ean Deustun sortua, Salutregik ibilbide oparoa izan zuen euskal kazetaritzan. Hala, 1977an “Egin” egunkariaren sorreran parte hartu zuen. Gerora, 1993an, egunkariaren zuzendari izendatu zuten, hedabidearen diseinuaren berritze-prozesua sustatuz. Bertan, zuzendaritza lanetan jardun zen, 18/98 auziaren baitan Entzutegi Nazionalak 1998an hedabidea ixtea erabaki zuen arte, ETAren bitarteko izatea leporatuta.
Hala, 2007ko abenduan 12 urteko espetxe zigorra ezarri zioten. Bi urte geroago, 2009an, Auzitegi Gorenak egunkariaren jardueren legez kontrako izaera bertan behera utzi bazuen ere, deustuarrak 2015ra arteko espetxe zigorra bete zuen, tesi berdina egotzita.
Bere irteeran, “Egin”-eko kide ugarik eta senideek harrera hunkigarria egin zioten. Era horretan, gaurko egunez hamaika pertsonek Salutregiren familiarentzako babes-mezuak partekatu dituzte sare sozialen bitartez; besteak beste, Mertxe Aizpuruak, egun EH Bilduko diputatu eta Gara egunkariko lehendakari ohiak.