Jendetza bildu da Deustun Bilboko Udala aurrera eramaten ari den zuhaitzen mozketa salatzeko

uriola.eus 2023ko eka. 27a, 10:51

Deustuko Mozketarik Stop kolektiboak antolatutako manifestazioa. Argazkia: Bilboko Uriola.

Deustuko Mozketari Stop kolektiboak obren proiektua birplanteatzea eskatu eta zuhaitzek airearen kalitatea hobetzeko duten garrantzia azpimarratu du.

Deustuko Mozketari Stop kolektiboak manifestazioa antolatu zuen astelehenean, Lehendakari Agirre kalea berritzeko, Udalak aurrera eramaten ari den zuhaitzen mozketa salatzeko.

Kolektiboak zuhaitzek airearen kalitatea hobetzeko duten garrantzia azpimarratu du, udalaren plana kritikatuz: “Krisi klimatikoa agerikoa baino nabariagoa den unean, Udalek gero eta neurri gutxiago hartzen dituzte ingurumena, iraunkortasuna eta osasun publikoaren alde”.

Horrekin guztiarekin, kolektiboak eta manifestatzaileek honako puntu hauek aldarrikatu dituzte:

- Udalak obren inguruan egia esan dezala.

- Mozketa geldiaraztea eta geratzen diren zumarrak mantendu eta proiektu berrian sar ditzatela.

- Auzoan egindako kaltea konpondu eta konpentsatzea.

- Proiektua birplanteatzea eta aldatzea.

- Landatuko diren zuhaitz berriak espezie autoktonoak izatea.

- Hiriko zuhaitzak mozketa eta inausketa indiskriminatuak debekatzen duen lege bat ezartzea.