Billboko zuhaitzen defentsan

uriola.eus 2023ko ira. 1a, 11:46

Stop Tala Deusto Plataformak udako oporren osteko lehen mobilizazioa antolatu zuen atzo. Horren bitartez, beste behin ere, Agirre Lehendakariaren etorbideko lanen baitan egiten ari diren zuhaitz mozketa geldiaraztea eskatu zuten.

Atzo, arratsaldeko 18:30etan, Deustualdeko zenbait bizilagun bildu ziren Stop Tala Deusto plataformak antolatutako kontzentrazioan. Ekintza Agirre Lehendakariaren etorbideko 28. zenbakian izan zen; izan ere, etorbideko lanen harira egiten ari diren zuhaitz mozketa horraino heldu da gaurdaino.

Plataformak joan den ekainean ekin zion mobilizazioei. Orduz geroztik beste hainbat manifestazio antolatu ditu Deustuko kale nagusiko zumarren mozketa saltatzeko. Zentzu horretan, uztailaren 19an antolatu zuten azkeneko mobilizazioa.

Zuhaitzen mozketa geldituta udaran zehar

Antolatzaileek adierazi zigutenez, beldurra zuten Udalak udarako oporrak baliatzea mozketarekin inongo protestarik gabe aurrera segitzeko. Hala ere, dirudienez mozketa lanak eten egin direla abuztuan zehar. Dena den, zenbait bizilagunen bitartez jakin ahal izan dute hilaren erdialdian jarraituko dutela prozesu honekin.

Bide judizialetik ezin

Abuztu hasieran plataformak fiskaltzara eraman zuen etorbideko zuhaitzen mozketa, baita ikerketa eskaera onartzea lortu ere. Horren bitartez, Udalak lan hauek aurrera eramateko justifikazio falta salatu nahi zuten. Atzoko mobilizazioan aurreratu zutenez, prozesua bertan behera gelditu da zumarra ez baitago zuhaitz espezie babestuen artean sartuta.

Mobilizazio gehiago egiteko prest

“Langileekin hitz egin duten bizilagunek esan digutenaren arabera, irailaren 15ean berriro ere hasiko dira mozketarekin. Hori gertatzen denean guk ekintza baketsu bat egitea aurreikusten dugu, zuhaitzei lotzea aukera bat izanik” adierazi zuen plataformako kide den Silvia Rodrigok.