Antzezlan berria aurkeztuko dute Pabellón 6en

uriola.eus 2023ko ira. 1a, 14:34

Argazkia: pabellón 6

Irailaren 29 eta 30ean Bake Lehorra ikuskizuna aurkeztuko du Tartean Teatroa antzerki konpaniak. 

Antzezlana XIX. mendeko gerra zibil batean oinarritzen da, euskaldunen artekoa eta euskaldunen etorkizuna baldintzatu duena. “Gaur egun darabiltzagun kontzeptu asko, ezker-eskuma, liberalismo-integrismoa, erligio-laizismoa, espainolismo-fuerismo-independentismoa... gerra zibil haietan gorpuztu ziren. Duela gutxirarte pairatu dugun gatazka armatua, orduko sute horien txingarretatik sortu zen. Nor garen, nondik gatozen eta norantz goazen ulertzeko, ezinbestekoa da orduan gertatu zena jakitea” halaxe deskribatzen du antzezlana antzerki konpainiak.

Bertan parte hartuko dutenei dagokionez, Patxo Telleria izan da obraren egile eta zuzendaria. Aitor Borobia eta Aitor Fernandino, ordea, izango dira obra antzeztuko duten aktoreak.

Gure historiako gertaera ezezagun bat

Amorebietako Ituna, Bigarren Gerra Karlistan bakea ezartzeko ahalegin bat izan zen, gerra piztu eta hilabete gutxira. Itunak ez zuen inor asetu, ez karlistak, ez liberalak.

Aste batzuk geroago, alde biak gerran murgildu ziren berriro. Anaien arteko gerra, odoltsua, basatia, lau urtez luzatuko zena. 

“Bake Lehorra” gertaera horren eszenaratzea da. Gure historian garrantzitsua bezain ezezaguna den gertaera, hain zuzen. Kontakizuna erudiziotik eta historizismotik aldentzen da. Giza harremanetan kokatzen du fokoa, alde emozionalean.

Sinopsia

1872ko maiatzaren 24an, Amorebietan, Serrano Generala eta Orue Diputatua bakea negoziatzen ari dira, amultsutasun diplomatikoaz gozaturiko giroan; piramide sozialean apur bat beherago, ateaz bestaldean, alde biotako ofizialak (karlista eta liberala) politikarien segurtasuna babesten dute, elkarren arteko gorrotoa eta mesprezua aireratzen duten bitartean; gizarte eskalan beherago, Morgako kanpaleku karlista batean, karlistak soldadu liberal bat fusilatzera doaz, baina exekuzioa eteten da, bake-itunaren emaitza argitu arte; une hartan bertan, bederatzi legoatara, Oñatiko kanposantuan, bi nekazari negarrez ari dira, haur baten hilobiaren aurrean, liberal eta karlisten arteko liskarraldi batean irtendako bala galdu batek hildako haurra; inork ez daki bala zein aldetik irten zen.

Eszena hauek guztiak tartekatu eta kateatzen dira narrazioan. Zenbat eta gorago joan gizarte mailan, handiagoa da sarraskian duten erantzukizuna. Zenbat eta beherago joan, handiagoa da sarraskiak sortutako sufrimendua. Handiagoa erremina eta gorrotoa.