Lehendakari Agirre Etorbidea berriztatzeko planaren bigarren fasean, dagoeneko bota diren 60 zuhaitzen beste hainbeste mozteko asmoa du udalak. Auzo-mugimenduak udalaren kontraesanak salatu ditu, berriztapen honen xedea auzoko zuhaitz eta landaredia babestea bada ere, tamaina eta kopuru urriagoko zuhaitzak landatuko baitira etorbidean. Etorbidean zutik jarraitzen duten zuhaitzak moztearen zergatia segurtasun kezkak direla azaldu du udalak, egoera txarrean eta sustrai ahulekin zeudela esanez. Stop Tala Deustoko kideek bestalde, biologia eta hiriko arboladietan hainbat adituren testigantzak bildu dituzte, zuhaitzak egoera onean zeudela baieztatzen dutenak. Marta Fernanz auzo-mugimenduko bozeramaileak udalaren gardentasun falta salatu du, udalak ez baitie zuhaitzen egoeraren espedientea erraztu, hau publikoa izanda.
Erakundeen babesik ez
Stop Tala Deustok egoeraren aurrean udaleko kideekin bilkura bat egitea ezinezkoa izan dela salatu dute. Juan Mari Aburto alkateari hauteskunde-ekintza batean eginiko hurbilketa batean, honek Deustun errepresentazio nahikorik ez zutela eta, haien eskaerak kontuan hartzeko haina babesik ez zutela helarazi zien plataformako kideei. Hirigintza eta plangintza estrategikoen zinegotzia den Asier Abaunza, zein alkatearekin elkarrizketatzeko bestelako saiakerak alferrikoak izan zaizkie, bai aurrez-aurre, zein irrati bidez. Ingurumeneko Fiskaltzaren aurrean ere ezarri zuten eskaera uztailean, baina udalaren plangintzaren aurrean ezin ezer egin daitekeela helarazi zien erakundeak, etorbideko zumarrak espezie babestuak ez direla argudiatuz.
Auzokideen erantzuna
Stop Tala Deustok estatu mailan hiri-zuhaitzeriaren babesa bermatuko duen lege bat ezartzea aldarrikatu du. Gaur egun Madrilgo erkidegoan bakarrik aurki daiteke estatuan halako legerik, eta hainbat udalek hirietako zuhaitzak moztu eta beste gazteago batzuengatik ordezkatzeko duten joerari aurre egiteko neurri eraginkorra izango litzateke. Plataformak dagoeneko Lehendakari Agirreko zuhaitzen mozketaren aurkako 3000 firma baino gehiago lortu ditu, bertako eta nazioarteko hainbat talde ekologisten laguntzarekin batera eta ehundaka hiritarrek hartu dute parte ostegunero Lehendakari Agirre etorbidean antolatu diren manifestazioetan.
Ostegun honetan ere Bilboko hiritarrei deitura egin zaie Lehendakari Agirre Etorbidean, zuhaitzen mozketa salatu eta udalak hiritarren eskaerak entzun ditzan eskatzeko.