Europa berriz ere gerraren itzalak estaltzen duen garai honetan ikus dezakegu zein erraza den gatazkaren sua piztea, eta zein nekeza hau itzaltzea. Tartean Teatroa konpainiaren “Bake Lehorra” antzerkiak XIX. mendeko euskaldunen arteko gerra zibil batez hitz egiten du, duela gutxirarte pairatu dugun gatazka armatuaren txingarrak sortu zituen sutea, baita gaur egungo politikan erabiltzen ditugun “-ismo” askoren sortzailea ere: ezkerra-eskuina, erlijioa-laizismoa, espainolismo-fuerismoa-independentismoa…
Gure historiako gertaera ahaztua
Bigarren Gerra Karlistan bakea ezartzeko saiakera bat da antzerkiaren muina: Amorebietako Ituna. Gerra piztu eta hilabete gutxira egin zen ahalegin honek ez zituen ez karlistak ez liberalak kontentu utzi, eta aste batzuk geroago berriz ekin zioten bi aldeek lau urte luze iraungo zituen anaiarteko gerra basatiari.
Bake Lehorra obrak gertaera hau parte-hartzaileen alde emozionaletan eta haien giza-harremanetan jartzen du ikusmira, bereziki gizarte maila desberdinetako kideek gatazkan duten eskuartzeak dakarkien ondorioetan; “zenbat eta gorago joan gizarte mailan, handiagoa da sarraskian duten erantzukizuna. Zenbat eta beherago joan, handiagoa da sarraskiak sortutako sufrimendua, erremina eta gorrotoa”.
Emanaldiak irailaren 29an eta 30ean izango dira 20:00etan, Pabellon 6en eta euskera zein gaztelaniaz hitz egingo dute aktoreek, garaiko giroari fidel izateko.