Llámalo X, Pabellón 6eko antzezlan berria

uriola.eus 2023ko aza. 13a, 15:19
Argazkia: Pabellón 6

Ekainean pase bat egin eta gero, antzezlana Deustuko Erriberako antzokira itzuliko da, behin betiko emaitza ikusteko lehendabiziko aukera izanik. 

Azaroaren 16tik 23ra bitarte, Llámalo X pieza Pabellón 6era bueltatuko da. Ekainaren 23an pase bat egin zen eta lana honako premisekin aurkeztu zuten: entsegu orokorrera joan eta antzezlanari buruzko working progress batean parte hartzea. Antolatzaileek entzuleen erantzunaren balorazio positiboa egin zuten eta sarrera guztiak agortu zituzten. Aurreikusitako helburuak ere bete ziren: publikoak sortzen ari zen piezaren engranajeak ikusi, gozatu, eta ondoren solasaldi bat eginez, horrela, pieza egiten jarraitzeko duten inpresioak eta hausnarketak jasotzeko. Orain antzezlana bueltan dator, pieza behin betiko emaitzarekin ikusteko aukera eskainiz.

Emakume batzuk aldizka biltzen ziren emakumearekin eta emakumeen desioarekin lotutako gaiak lantzeko. Lortutako datuetatik abiatuta, eszenak inprobisatuz joan ziren, testu batzuk eta dramaturgia bat sortuz, eta, azkenean, 9 emakume gazte protagonista dituen antzezlan bat sortu zen. Hona hemen antzezlanaren sinopsia: Emakume LGTBIQ+ lagun talde bat euren arteko adiskidetasunean sakondu, esperimentatu, jolastu eta tentsio sexualak askatu nahi dituzte orgia baten bidez. “Orgia gizartearen fantasia sexual ohikoenetariko bat da; orokorrean gizonezko txuri hegemonikoengandik irudikatua. Baina... Nola izango litzateke orgiaren iruditegi patriarkal eta heterosexualarekin apurtzea, orgia hau errealitate bat bilakatuz?”. Desio askatzaile hori sortze bidean egongo dira protagonistak. Baina... ez dakitena da euren muga eta oztopo propioak gainditu beharko dituztela.

Antzezlana Ainhoa Artetxek, Graciela Donizen laguntzarekin zuzendu duen lehen lana da, Lizar Begoñarekin batera biek sortutako testu batzuetatik eta dramaturgia batetik abiatuta. Orgia berezi honetako protagonistak Nagore Armental, Paula Brezo, Goizane Casado, Lara Hunting, Eva Laorden Madinabeitia, Nahia Martinez Gondra, Meri Moren, Carmen Valero, Mariñe Zeberio Diez dira.

Emanaldiak azaroaren 16an eta 23an, ostegunez, arratsaldeko 20:00etan izango dira. Sarrerak www.pabellon6.org webgunean daude eskuragarri.