Suizidioaren inguruan gogoetatzen

Jone Gartzia eta Axular Arostegi 2023ko abe. 13a, 19:28

Badira asteak Deustuko hainbat txokotan orekan dabiltzan bi oinen irudia ikus daitekeela. Orekan edo, akaso, des-orekan esan beharko, hala baitio irudiaren goiburuak, 'Desoreka, suizidioaren inguruko jardunaldiak'.

Kanpainaren atzean dagoen eragilea Zirikatzen! formakuntza taldea da. 2003. urtetik Deustun hainbat gairen inguruko hausnarketa sustatu eta formakuntzarako tresnak garatu ditu: aldizkariak, hitzaldiak, formakuntza saioak, jardunaldiak, liburuxkak, dokumentalak, mugikorrerako aplikazioak… 20 urte hauetan askotariko gaiak landu dituzte taldekideek, hala nola krisia, industriaren birmoldaketa, jai eredua, okupazioa, herri boterea, komunikazioa, jakintza praktikoak…

Oraingo honetan, suizidioaren inguruko jardunaldiak antolatzea erabaki du taldeak. Lorena G. Ruiz-Clavijo kideak PREST! aldizkariari azaldu dio zer dela-eta aukeratu zuten gai hura. Ikasturtean zehar landuko duten gaia aukeratzeko, beti erreparatzen omen diote herrian identifikatzen dituzten beharrei. Lehendabizi barne mailan lantzen dute auzia  eta gero auzokideen artean zabaltzen dute gogoeta, normalean formakuntza saioen, hitzaldien edo aurkezpenen bidez.

Ruiz-Clavijok azaldu bezala, ia bi ikasturte eman dituzte oraingo jardunaldien inguruan jira eta bira. "Ideia-zaparrada bat egin genuen eta hainbat gai atera genituen: burmuinaren eta gogamenaren arteko banaketa, buru-osasuna, osasun mentala gazteen artean, heriotza…". Pandemiatik atera berri, kideak dio inork ez zuela Covida landu nahi; baina, ezinbestean, horrelako gaiak ateratzen zituzten. "Heriotzari buruz hitz egiten hasi ginenean, beldur apur bat ematen zigun hura lantzeak, baina bileraz bilera errepikatzen joan zen. Osasun mentalarekin nahastu genuenean atera zen suizidioaren gaia". Horrela jabetu ziren estigmaz jositako gaia zela eta haiei ere auzia mahaigaineratzea kostatzen zitzaiela.

Azkenean, itzuli askoren ostean, ikusi zuten taldekide guztiek gaiarekiko nahikoa distantzia zutela eta ez zutela hura lantzea eragotziko zien minik sentitzen. "Beti esaten da suizidio kasu batetik pertsona bateko distantziara gaudela", dio Ruiz-Clavijok, eta hori zen euren kasua. Hain ezkutuko gaia zenez, zer ikasi izango zutela pentsatu zuten.

Lehenik, barrura

Formakuntza taldean bi urtez aritu dira gaia hainbat ardatzetatik jorratzen, eta ez alferrik. Izan ere, eskuratzen zuten jakintza oro motz geratzen zitzaien. Zenbait liburu irakurri zituzten, suizidioaren inguruko estatistikak aztertu zituzten eta Osakidetzaren protokoloak ere ikasi zituzten.

Horrela konturatu ziren gaian sakontzen hasi aurretik zituzten hainbat hipotesi ez zirela betetzen. Adibidez, ikusi zuten ez direla beti buruko gaitzen bat diagnostikatuta duten pertsonak beren buruaz beste egiten dutenak, estatistikek ez dutela hain alde handia erakusten talde zaurgarrien eta jendarteko maila sozioekonomiko altuko pertsonen artean, edo beren buruaz beste egiten duten emakumeak ez direla gizonak baino gehiago.

Hasierako usteak ezeztatzen joan zirenean, adituengana jotzea erabaki zuten. EHUko suizidiologia graduondoko kideekin jarri ziren harremanetan eta hortik hainbat profesionalekin hitz egitea lortu zuten. Elkarrizketa horiek izan ziren urrian abiatu zuten jardunaldi zikloaren hazia.

Gero, kanpora

Ekimenaren baitan, hiru hitzaldi saio antolatu dituzte Zirikatzen!eko kideek Deustun urrian, azaroan eta abenduan. Lehena urriaren 20an egin zuten Deustuko Gazte Lokalean. Iker Peregrina irakasle, neuropsikologo eta suizidologian aditua gonbidatu zuten gaiaren inguruko ikuspuntu orokorra emateko. Peregrinak suizidioaren inguruko kokapen teoriko eta filosofikoa egin zuen, hainbat datu estatistiko eman zituen eta suizidioarekin lotutako esperientziak bizi dituzten pertsonekin jokatzeko jarraibide batzuk azaldu zituen.

Arratsalde hartan hogei pertsonatik gora elkartu ziren gaztetxean suizidioaren inguruan gogoetatzeko, eta hausnarketak askorako eman zuen. Bertaratutakoen parte-hartzea hain izan zen handia eta sakona, ezen saioa hiru ordu baino gehiago luzatu baitzen.

Zirikatzen! taldeko kideak oso pozik daude jardunaldiak izaten ari diren harrerarekin: "Adin eta profil oso desberdinetako 25-30 pertsona inguru gerturatu dira saio bakoitzera, batzuk gaiarekin lotutako profesionalak eta beste batzuk ez, eta askok errepikatu egin dute. Hirugarren saioa handiagoa izango da bai parte hartuko duten hizlariei dagokienez bai iraungo duen denboragatik, eta jende gehiago gerturatzea espero dugu".

Suizidioaren inguruko jardunaldien bigarren saioa azaroaren 11n egin zuten, Gazte Lokalean hura ere. Orduko hartan Gabriel Gonzalez kazetari judiziaal, suizidiologian aditua eta Hablemos del sucidio (Hitz egin dezagun suizidioari buruz) liburuaren idazlearen txanda izan zen. Hedabideek suizidioaren auzia nola lantzen duten azaldu zuen bertaratu ziren hogeita hamar entzuleen aurrean.

Hizlariak, lehendabiziko momentutik, agerian utzi nahi izan zuen ez dela batere erraza hedabideek duten zeregina gertaera hauen aurrean. Nola eta noiz informatzeko zailtasuna onarturik, kazetariak beste auzi korapilatsu batean jarri zuen fokua: zertarako komunikatu suizidioarekin lotutako gertaeren inguruan. Hain zuzen ere, Gonzalezen arabera, ikerketa ugarik frogatu dute gai honi buruz hitz egiten duten albisteek suizidioen igoera nabarmena eragiten dutela, Werther delako efektua edo kutsadura efektua deritzona. Aitzitik, suizidioaren inguruan arduraz hitz egiteak ez du esan nahi gaiari atentziorik eman behar ez zaionik, beste zenbait arrazoiren artean, problematika tabu izatera eramaten duelako, batik bat.

Kazetari nafarraren hitzaldia eta gero, bertaratutakoen arteko solasaldia antolatu zuten Zirikatzen!eko kideek. Jardunaldiaren zati horretan, era batera edo bestera, denek nabarmendu zuten suizidioaren aferari buruz hitz egiteko garrantzia eta gaztetatik hezkuntza emozionala lantzeko beharra.

Hirugarrena eta azkena

Abenduaren 16an emango diote itxiera suizidioaren inguruko hitzaldi zikloari. Egun horretan, espezialitate ezberdinetako kideak gonbidatu dituzte nork bere esperientzia eta jakintza esparrua ardatz hartuta gaia landu dezan. Orotara, 12 hizlari elkartuko dituzte, tartean irakasleak, osasun publiko zein pribatuko beharginak, sindikatuetako langileak, buruko osasuna lantzen duten duten militanteak… Jende asko elkartuko delakoan, saioa Bizinahi Auzo Gunean egitea eta goiz osoan zehar luzatzea aurreikusi dute.

Hala, bi zatitan banatuko dute saioa: hasierako partean hizlariei emango diete hitza, mahai-inguru formatuan, eta bigarren zatian parte-hartzaile guztien arteko solasaldia egin nahi dute. Giro atsegina eta erosoa sortze aldera, hamaiketakoa eta bazkaria ere antolatuko dituzte. 

Barrutik kanpora

Zirikatzen!en ohikoa duten gisan, behin gaia herrian zabaltzeko jardunaldien ostean, berriz landuko dute barne mailan, ondorioak atera eta herriari itzultze moduko bat emateko. Forma ugaritan egin dute hori azken aldietan: aldizkari formatuan, liburuxka gisa, bideo-dokumental moduan… 

Momentuz ez dute erabaki zelan egingo duten oraingoan, baina badute ideiaren bat buruan bueltaka. Oraingoz, lehen bi saioen audioak igo dituzte sarera (Zirikatzen.info webgunean eta Ivoox-en daude entzungai) eta gaia borobiltzeko irratsaio bat egitea pentsatu dute, baina erabakitzeke dute oraindik ere. "Hausnarketa bat izango da, ez du zertan jarrera hartze bat izan, eta ez dakigu oraindik ere zein formatutan izango den, baina herriari itzultze bat egingo diogu".

Erreportajea amaitzeko eta elkarrizketa agurtzeko, Ruiz-Clavijok auzokide guztiak gonbidatu nahi ditu abenduaren 16ko saioan parte hartzera: "Oso interesgarria izango da. Gainera, gure jendartearen inguruan hausnartzea baino ez zaigu geratzen". Informazio gehiago nahi dutenek Zirikatzen.info atarian eta sare sozialetan aurkituko dute.