Ecuador Etxea elkarteak agur esan dio Deusturi

uriola.eus 2024ko urt. 18a, 16:08
Argazkiak: Ecuador Etxea

16 urtez Deustuko Erriberan izan duten lokala uzteko erabakia hartu du elkarteak.

Sare sozialen bitartez jakinarazi du Ecuador Etxea elkarteak gaur “pena askoz” haien Deustuko Erriberako egoitza itxi dutela. Urteak zeramatzan elkarteak bertan lanean, izan euskera klaseak, ekintzak, tailerrak, aurkezpenak eta hamaika gairi buruzko ikastaro eta hitzaldiak, ekintzaile sozial garrantzitsuen eskutik.

Haien web orrian plazaratu duten agurrean aipatzen dituzte, besteak beste Brigitte Vasallo, Hajar Samadi, Miriam Hatibi, Desirée Bela-Lobedde, eta Maitena Monroy; Kilimar Xuxurlak eta Sökolé elkarteetako kideei, eta haien ekintzak egiteko Ecuador Etxearen egoitza partekatu duten Pikara Magazine, Ikasleen Sindikatua, Ozen! LGTB eta Amekadi kooperatibari ere eman dizkie eskerrak elkarteak.

Kontzientzia eta ekintza

Ecuador etxea betidanik egon da herrigintzarekin estu lotuta, manifestazioak, elkarretaratzeak eta askotariko ekimen sozialak defendatu eta oihartzuna ematen. Lana ein handi batean, Bilboko kaleetan egin izan badute ere, haien hitzetan “egoitza izan da dena eraldatzeko gunea; argazkiak, bideoak, testuak… ikusten ez den lan guztia egiteko gunea, zeina gabe ezin litzateke Ecuador Etxea posible egin”. Tamalez ”baliabide ekonomiko oso urriekin” aurrera egin izan badute ere, azkenean ezin izan dizkiote gastuei aurre egin eta Deustuko lokalari agur esateko garaia iritsi zaie.

Amaierarik ez

Elkarteak azaldu duenez, hau ez da amaiera, “gelditu eta gure burua bir-asmatzeko garaia baizik”. Garai berri bati hasiera emango diote, oraingo honetan gertuko erakunde baten egoitza partekatuz, eta lanean jarraituko dute “batzuek ikusezin izatea nahi duten hori ikusgarri egiteko.