Arartekok espedientea ireki dio Bilboko Udalari gardentasun faltagatik

uriola.eus 2024ko urt. 25a, 11:39
Argazkia: Stop Tala Deusto

Herriaren Defentsarako erakundeak espedientea ireki dio Udalari, Stop Tala Deustoko kide bati informazio publikoa eskuratzea ukatu ziolako.

2023ko uztailaren 27an hasi zen dema, Stop Tala Deustoko kide den Silvia Rodrigok Agirre Lehendakariaren Etorbidearen lanei buruzko zenbait dokumentu eskatu zituenean. Udalaren erantzuna irailak 7an jaso zuen: 15 eguneko epea eman zioten eskatzen zuen espedientea interesekoa zuen nolabaiteko akreditazioren bat aurkezteko. Udalak, gainera, aurretiaz beste espediente batzuk ere eskatu zituela egotzi zion Rodrigori, ondorioz “gardentasun araudia jarraiki, errepikakorrak edo abusuzko izaera duten eskaerak onartuko ez zituztela” azaldu zioten.

Hartu-emanek jarraitu zuten, irailak 25ean Udalak Rodrigo hurrengo egunerako zita presentzial batera deitu zuen arte. Hala ere, Stop Tala Deustuko kideak Ararteri azaldu zion zenbait dokumentu ez zizkiotela erakutsi bilera horretan. Azaroak 21ean iritsi zitzaion Arartekori zergatia: Agirre Lehendakariaren Etorbideko zuhaitzen lorazaintza espedientea zen eman ez zioten hura, eskatutako beste espediente batean laburtuta zegoela argudiatuta eta hala, udalaren ustetan, gehigarri soila.

Arartekoren erantzuna

Sendo azaldu du Herriaren Defentsarako erakundeak prozesu honek Silvia Rodrigoren “administrazio zerbitzu on bat” jasotzeko eskubidearen aurka egin duela, hala Udalaren administrazioak huts egin diola haren jardunean “exigentzia legal finenei men egiteko beharrari”. Stop Tala Deustuko kideari haren interesa justifikatzeko eskaera ere lekuz kanpokoa iruditzen zaio Arartekori, informazio publikoa izanik, arazorik egon behar ez litzatekeelako. Udalak gainera, Rodrigori egotzi zion norbanakoek informazio publikoa lortzeko duten legea ez aldarrikatzea, Arartekoren hitzetan “administrazioko kideen erantzukizuna izan beharko litzatekeena”.

Udalak zenbait eskaera egin dizkio Bilboko Udalari gertaera honen harira: alde batetik, informazio publikora sarbide eskarak bertan behera jartzeko kriterioak birpentsatzea, norbanako baten eskaera bertan behera utzi aurretik; eta bestetik, “gehigarri” kontsideratzen duten informazioaren interesa ez gutxiestea, titulu hori ezarrita ere, interes publikoa izan dezaketelako.

Gardentasunaren aurka

Bilboko Udalak onartu du Silvia Rodrigoren eskaera ez zela administrazio-prozeduren arabera egin,  Arartekoren arabera “erraza” izan beharko lukeen eskaera batean, lorezaintza eta obren inguruko dokumentuak baitira. Gardentasunari,  informazio publikoa eskuratzeko bideari eta gobernu onari buruzko araudia ez du errespetatu hala Udalak, Stop Tala Deustoko elkarteak hainbestetan salatu duen bezala. Agerian jarri du gertaera honek Agirre Lehendakariaren Etorbideko lanen estalkeria.