Aferak egitasmoak seigarrenez bilduko ditu Deustuko eta inguruko bertsolari eta bertsozaleak. Herriko Tabernan izango dira saioak, eta larunbatean egingo dute lehenengoa, 14:00etan hasita. Sarrerak Deustuko Herriko Tabernan edo Berbaizu Euskara Elkartean lortu daitezke, langileentzako 20 € eta langabetu zein ikasleentzako 15€.
Bertso saioaren formatua bertso bazkaria izango da eta hiru bertsolari arituko dira kantuan: Alaia Martin, Enare Muniategi eta Unai Iturriaga. Horien artean, Muniategi dugu deustuar bakarra; beste biak, ordea, ibilbide luze eta oparoko bertsolariak dira. Unai Iturriaga durangarra, sei aldiz Bertsolari Txapelketa Nagusietako finaletan kantatutakoa eta 2005ean txapeldunorde geratutakoa; horrez gain, bi aldiz izan da Bizkaiko Bertsolari Txapelketako irabazlea eta beste sei aldiz izan da finalista. Alaia Martin, bere aldetik, azken Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalista ez ezik, oiartzuarra hiru aldiz izan da Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finalista.
Aurreko edizioetan bezala, Deustuko Herriko Tabernan beste hainbat bertso saio antolatuko dituzte larunbatekoa eta gero. Oraindik gainontzeko saioen egutegia zehaztu ez badute ere, Uriolak jakin ahal izan du apirilean zehar izango direla.