Martxoaren 15etik 24ra bitartean ospatuko dira Deustuko jaiak

uriola.eus 2024ko mar. 12a, 16:46

Deustuko jaietako egitaraua aurkeztu du Deustuko Jai Batzordeak.

Asteburu honetan hasiko dira Deustuko jaiak, eta hala, Deustuko Jai Batzordeak, beste urte batez, jaien egitaraua aurkeztu du gaur. Batzordeko kideen esanetan, era bolondresean antolatu dituzte jaiak aurten ere “ikuspegi euskaldun eta parekidetik” eta “inor kanpoan utziko ez duen jai eredu baten alde”. Ia 10 eguneko egitaraua antolatu dute aurten, Deustuko “Aste Nagusi propioa” titulua jaso ahalko lukete jaiek hala, baina Jai Batzordeak egitarauko zenbait ekintza azpimarratu nahi izan ditu.

Deustu Bilbora anexionatu zuen Errege Dekretua sinatu zenetik 100 urtetara, hilak 17an, igandean, Alkatearen kalejira eta emakumeen aurresku berezia izango dira igandean, emakumeen aurreskuaren 25. urteurrena ere ospatzen. Bezperan, larunbatean, eguerdiko 12:00etan Munduko Arrozak txapelketa gastronomikoa ospatuko da Done Petri plazan, pasa den urtean estreinekoz egin ostean, aurten bigarrenez, “Deustun bizi garen jatorri eta kultur askotariko auzokideok haremana ehuntzeko asmoz”. Astelehenean ramadana hasi zenez, eta hala auzokide musulmanek Munduaren Arrozetan parte hartu ezingo dutenez, te  arabiarraren banaketa herrikoia egingo da 18:00etan, baraua hausteko unean. Zer jana ez da faltako Deustuko jaietan, bi gastronomia txapelketa daude antolatuta: tomate nagusia, hilak 23an, eta tortilla txapelketa, jaien azkenengo egunean.

Aurten bueltan da Deustuko Kuadrillen txapelketa, inoiz baino kuadrila gehiagoren parte-hartzearekin gainera; 28 dira momentuz izena eman duten kuadrillak. Hontaz gain, Jai Batzordeko kideek martxoak 24an, jaien azken egunean, Botikazar Parkean egingo den kotxe klasikoen X. kontzentrazioa azpimaratu nahi izan dute, Deustuko jaietako ekintza “klasiko” bat. Iaz 100 auto inguru bildu ziren, eta aurten ere antzeko zifra espero da.

Aurtengo KORRIKAk zenbait aldaketa eta berezitasun ekarri ditu egitaraura, garrantzitsuena nertso saioaren data aldaketa asteartera, martxoaren 19an egingo da Done Petri plazan, eta Aner Peritz, Oihana Bartra, Maialen Lujanbio eta Ander Anakabe izango ditu taula gainean, Maite Berriozabal gai jartzaile. KORRIKArekin jarraitzeko, martxoaren 21ean, arratsaldeko 18:30etan hartuko du lekukoa Deustuko Jai Batzordeak Done Petri plazako frontoian.

Haur, gazte zein helduentzat egitarau zabala dakarte haurten Deustuko jaiek, eta, Batzordearen hitzetan, “deustuar orori gonbidapena egiten dizuegu ekintza guzti horietan parte hartzera eta, noski, eraso sexistarik, lgbtfobikorik eta arrazistarik gabeko jaiez gozatzera”. Gora Deustuko jai herrikoi, parekide, euskaldun eta parte hartzaileak!