Bilboko antzerkigile eta zaleen hitzordu garrantzitsu dira jada Pabellon 6ko Antzerki Arineko Jardunaldiak; gerora hainbat herri eta hirietako antzoki, lehiaketa eta antzerki laburreko jardunaldietan ikusgai egongo diren obrak estreinakoz ikusteko aukera paregabea. Martxoaren 29tik apirilaren 21era arteko lau asteburuetan 16 estreinaldi antzeztuko dira Pabellon 6en, 4 pieza astebururo, 3 gazteleraz eta bat euskaraz; haien artean dramak, komediak, zuzeneko musika, gogoetak… Betiere antzerkia muin izango dutelarik.
Bosgarren asteburuan, apirilaren 26an eta 27an, 3 pieza gonbidatu antzeztuko dira, eta igande goizean sari banaketa egingo da jardunaldiei amaiera emateko; muntaia onenari Alex Anguloi Saria, euskarazko lan oneneri Kriseilu Saria, “Café Bar Bilbao” – Tartean Sari berezia, Antzezle Onenaren saria eta Publikoaren saria banatuko dira igande goizean.
Antolatzaileek aurtengo edizioan parte hartuko duten artean izango den emakumeen presentzia azpimarratu nahi izan dute; 38 parte-hartzaileetatik 23 dira emakumezkoak, eta zuzendari postuetan 11 emakume eta 8 gizonek eman dute izena. Egileen kasuan berdinduta dago taula, 9na gizon eta emakume.
Antzezlanak Pabellon 6en bertan antzeztuko dira ostiral eta larunbat arratsaldeetan, 19:30etatik aurrera, eta igandeetan saio bikoitza, goizez zein arratsaldez, 12:00etatik eta 19:00etatik aurrera. Bi motako sarrerak izango dira salgai: 2 piezako Bonu Txikiak, 10€-tan, eta eguneko antzerki guztiak ikusteko balioko duen Bonu Itxiak, 17€-tan; Pabellon 6en webgunean eta txarteldegian erreserbatu ahalko dira pieza guztiak ikusteko bonuak, eta bi piezakoak egunean bertan soilik izango dira eskuragarri leihatilan. Antzerki Arineko Jardunaldiak Pabellon 6 Arte Eszenikoen Sotzaileen Elkarteak sustatzen ditu, Bilboko Udaleko Kultura Arloaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren, Café Bilbao/Tartean Teatroaren eta Pabellon 6 Antzerki Laborategiaren laguntzarekin