Industria Ondare eta Herri Laneko Euskal Elkartea eman du Udalaren iritzi aldaketaren berri asteburuan: Bilboko Udalak ondare industrial gisa gordetzeko promesa egin zuen Tarabusi eraikina erautsiko du azkenik.
Egun oraindik zutik geratzen den eraikina, zerbitzuetarako eraikina deritzaiona, 1964an eraiki zen, Santos Olaizola industria ingeniariaren gainbegiradarekin, 1944an agertu zen lehenengoz Francisco Hurtado de Saracho arkitektoaren hedapen planetan; BORGO izenpean saltzen zituzten eztanda motoreen ekoizpenean murgilduta orduan, ekoizpena eraikin multzo berri hontara lekualdatzeko asmoa jarri zuten mahai gainean. Hamarkadaren amaieraraino Francisco Hurtado de Saracho arkitektoaren esku egon zen hedapen proiektuaren eraikuntza, Santos Olaizola Sarriaren esku gelditu zelarik jarraian; honek firmatua da egun zutik gelditzen den eraikin bakarra, gainerako instalazioak 90. hamarkadan eraitsi ziren, 1978an enpresak haren jarduna eten ostean.
Naiz aldizkariak eman zuen ostiralean Tarabusi eraikina “egokitzeko” asmoaren berri, Bilboko Parke Teknologikoaren sorrerarako aurrerapausu gisa aurkeztuta. Industria Ondare eta Herri Laneko Elkarteak ordea, ez du zilegi ikusten albistearen tonu adeitsuak dakarren plana: egungo eraikina eraitsi, eta, urtarrilean irratian eginiko aipu bat mahai gainean jarri zuen gisan, egungo eraikinaren “balio estetikoa errespetatuko duen” eraikin berri bat altxatuko da haren tokian. Elkarteak oso begi txarrez hartu ditu bai erabakia, zein Parke Teknologikoaren berriztapena abian jarri dutenek erabilitako hizkuntza bera; “ondare historikoaren ideia hau pintura, eskultura, arkeologia, argazkilaritza edo zinemara egokitu ahal daiteke?” dio asteburuan plazaratu duten idatzian. iraganeko ondarea eta honen balioa gordetzeko lana dutenen ekintzak haien interes eta nahien erakusgarri.
Tarabusi eraisteko argudioak, Elkarteak dioen lez, “Bilboko hiritarrak izutu eta Tarabusiren eraisketa justifikatzeko erabiliak, ez dira zutik mantentzen”. Uztailean plazaratutako artikulu batek, eraikinaren zimendu, ormigoizko egitura eta altzairuzko abeen degradazioak haren kontserbazioa ezinezko egiten dituela baieztatzen du, hala, erantzuleak eraikina eraisteko erabakia hartzera bultzatuta. Elkarteak dionez, “ez da aditua izan behar gainkarga industrialetarako pentsatua dagoen 60. hamarkadako ormigoi armatuzko egitura bat, muturreko kasuetan kenduta, birgaitu daitekeela jakiteko”. Honen berri ematen duten informe bat baino gehiago aurkeztu beharko liratekeela defendatu du Elkarteak, indarrean egon daitezkeen aukera guztiak eztabaidagai jarriko lituzketenak.
Antzeko kasuak eta promesa hautsiak
Bi kasu berdintsu jarri ditu mahaigainean Ondare Industrialaren Elkarteak, arkitekto berberak, Pedro Ispizuak urte berean Bilbon zuzendutako bi eraikin, biak ere ormigoi armatuz eginak: Erriberako Merkatua eta “El Tigre” eraikina. Azken hau “modu eredugarrian” birgaitua, Erriberako Merkatua, ordea, eraitsia, “kopia pastiche” batez ordezkatzeko. Zauri irekien gainean gatza zabaldu du Tarabusi eraikinaren eraisketak dakarren gorde-lan promesaren haustura: Bilboko Udalak, Deustuko Erriberako ondare industriala kontserbatzeko, 19 eraikin mantentzeko hitza eman zuen Parke Teknologikoaren proposamena onartzean. Oinez egiten da bidea eta ekintzez erakutsi promesen pisua.