Dantzertin ikasketak amaitu, eta Pabellon 6eko Gazte Konpainian trebatu ostean, Arnatz Puertas eta Luix Mitxelenak “EROS” antzezlanarekin aurkeztuko dute asteburu honetatik aurrera IXO antzerki taldea. Puertas dramaturgia eta zuzendaritzaren arduradun izango da lehen obra honetan, Izar Pizarro zuzendaritza laguntzaile, eta Nagore Cenizo-Arroyo, Aitor Echarte, Itxaso Gil, Luix Mitxelena eta Leire Ormazabal izango dira aktore lanetan.
Puertas eta Mitxelenak betidaniko komedia gestualarekiko maitasuna testurik gabeko lehen lan honetan gorpuztu dute, non bi pertsonen arteko bikote-harreman baten hasiera irudikatzen duten; zaurgarri agertzearen lotsa, elkar ez gustatzeari beldurrak,… Maskarak janztera bultzatzen ditu bi maitaleak. Eros, maitasunaren jainko greziarraren geziak hasiera emanda, Ares gerraren jainkoak dakartzan eztabaidak, edo Kronosen denboraren joan itogarriak hainbat oztopo ezarriko dizkie protagonistei. Maitasuna eraiki eta zaintzeko bideari buruz hitz egiten du antzezlanak, hitzik erabili gabe.
Maiatzaren 18, 19, 23, 24 eta 25ean izango da ikusgai antzezlana Pabellón 6en, 19:30etan ostiral eta larunbatetan, eta 19:00etan igandetan. Sarrerak eskuragarri daude Pabellón 6-en web atarian www.pabellon6.org.