Bilboko itsasadarraren eraldatzeak aurrera darrai. Deustuko ibarra garabiek eta erdi-amaitutako parke teknologiko eta eraikin erresidentzial monokromatikoek apaintzen dute egun, eta badirudi ibaiaren beste aldeak ere eraldaketa berdina jasango duela. Udaleko Gobernu Batzarrean onartu da aste honetan Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendako Ministerioaren, ADIFen, Bilbo Ria 2000 sozietatearen eta Bilboko Udalaren arteko hitzarmena, Olabeagako burdinbideak lurperatzeko asmoa gorpuzteko lehen pausoa ematen.
Hitzarmenak Olabeagako eraldaketaren eragile bakoitzaren erantzukizunak biltzen ditu, Bilbo-Santurtzi trenbidea integratzen duen hiri garapenerako planaren barne. Trenbidearen funtzionaltasuna hobetzeaz gain, Olabeagako auzoa berriztatzeko lurzoruak libre utzi eta trenbidearen inguruko esparruetan “hiri ingurumena hobetzea eta babes publikoko etxebizitza-politikari laguntzea” ditu xede proposamen honek. Eraldaketa plan honek guztira 88,58 milioi euroko kostua izango duela aurreikusten du Udalak, zeinak gastu osotik 18,85 milioi ordainduko dituen, gainerakoa hitzarmena sinatu duten eragileen artean banatuta.
20 eguneko epea izango du Bilboko udalak hitzarmena Bizkaiko Aldizkari Ofizialean jendaurrean jartzeko.
Inbertsio pribatuak begibistan
Olabeagako auzoa inbertsore pribatuen jomuga bihurtu da inguruan ekin den modernizazio eta eraldaketa prozesuen deiak jarraiki; Olamets izeneko lehenengo promozioak jada 30 etxebizitzatik 17 dituzte egotziak. 325.000€ eta 620.000€ arteko etxebizitza hauek Olabeaga berriaren nondik noranzkoen berri ematen dute: luxuzko pixuak, chill-out guneekin eta “eremuaren birsorkuntza zabalagorako katalizatzaile” izango den hiri-eredu baten aldeko hitzez jantzia.