“Machos en flor” ekoizpen propioak emango dio hasiera Pabellón 6en denboraldi berriari. Azaroan estreinatu zen lanak izan zuen harrera bikaina izan da denboraldia irekitzeko hautatua izateko arrazoia, lan mamitsua eta gaurkotasun handikoa da izan ere.
Artea eguneroko bizitzaren isla den horretan, errealitatetik abiatzen da obra, hobeagoak izan nahi duten gizonen errealitatetik, hain zuzen ere. Gizonen zirkulu baten kide dira lanaren protagonistak, estatu osoko hirietan banatuta dauden gizonezkoen elkarte egonkorretako bateko kide, non, patriarkatuaren aginduetatik ihesi, hausnartu kritikatu eta kultura-aldaketa feminista bultzatzeko espazio bat bilatzen duten elkarrekin, “zaratarik gabeko aldaketa. Haiek elkartu, hitz egin, barre eta negar egiten dute. Eta guk haiekin”.
Historian zehar hain zurruna izan den gizonaren rolari buruzko gogoeta aurkezten du antzezlanak; zurruntasun honetatik kanpo, desorientazioa nagusi da maiz gizonengan. Azkenaldian bolo-bolo dabilen gai hau umoretik lantzeak ematen duen askatasunak “haurtzaro eta tradizioaren aurkako borroka” zatikatu eta aztertzea ahalbidetzen du. Zer esanik ez, “maskulinitate berriaren lore zoragarriaren ondoan erreakzioaren belar txarrak hazten dira”, eta eboluzioaren eta inboluzioaren arteko borrokak mugatzen du “Machos en flor” antzezlanaren paisaia, egungo maskulinitatearen bilakaeraren erakusgarri.
Felipe Loza antzerkigileak idatzi eta zuzendu du lana, eta Josu Angulo, Kepa Alesso, Quique Gago, aitor Echarte, Diego Pérez eta Yeray Vazquez dira antzezleak. Lozaren hitzetan, antzezlana “tarteka komedia bat da” zeinak barrearen bidez hausnarketara gonbitea egiten duen. Abuztuaren 22tik irailaren 15era izango da ikusgai “Machos en flor” Pabellón 6en.