Zaragozako Teatro Che y Moche konpainiak lan berria aurkeztuko Pabellón 6en

uriola.eus 2024ko ira. 10a, 11:07

Argazkia: Pabellón 6

Zaragozako antzerki konpainia beteranoak “El funeral” antzerkiaren prekuela, “Un día feliz” aurkeztuko du hilaren 20tik 22ra.

Che y Moche antzerki konpainia zaragozar ezagunak 25 urte baino gehiago daramatza antzeztokiz antzeztoki; Pabellón 6en ere hainbat lan aurkeztu dituzte urteetan zehar: El funeral, Liquidación por cierre eta Requiem por un campesino español, besteak beste. Oraingoan El funeral ikuskizunaren “prekuela eta jarraipena” ekarriko dute Deustuibarrara, Un día feliz.

Ia 20 urte daramatza Teatro Che y Mochek El funeral lanarekin eta ehunka mila ikusle bildu dituzte 1000 emanaldi baino gehiagotan. Un día feliz jarraipen eta, aldi berean aitzindari izango denak gizatasunaz eta bere sustraiez, iraganaz eta gerraz hitz egingo du, aldi berean musika eta kulturak gizateriaren unerik txarrenak jasaten laguntzeko duen gaitasunaz mintzatzen. Bereziki gertutik sentitzen dute gai hau antzezleek, izan ere, lanaren protagonista eta zuzendari musikala Tereza Polyvka ukrainiarra da.

Mamuen istorio dibertigarri gisa defini daiteke musikal berezi hau. Musikari eslaviarren hiru belaunaldi mundu erreal eta magikoaren arteko bidaian harrapatuta daude, Teresa biolin jotzailearen arbasoak madarikazio baten ondorioz haien azken kontzertuan linbo batean preso gelditu zirenetik. Konbentzioetatik guztiz kanpo dagoen antzezlana da Un día feliz; Zingarako zuzeneko musika, keinu- eta testu-antzerkia, happeninga, inprobisazioa eta umorea ditu oinarrian; “dibertigarria eta arriskutsua”, konpainiaren berezko estilo eta zigiluarekin. Tereza Polyvka biolin-jotzailea izan da zuzendari musikalaren eta protagonistaren paperean, Joaquín Murillok idatzi eta zuzendutako lan honetan, zeinetan, Polyvka eta Murilloz gain, Kike Lerak eta Sergio Domínguezek ere parte hartzen duten. Aktore izateaz gain, musikariak dira guztiak; biolina, saxofoiak, gitarra eta bateria joko dituzte antzezlanean zehar.

Un día feliz antzezlanaren hiru emanaldi eskeiniko ditu Teatro Che y Moche konpainiak, hilaren 20, 21 eta 22an, 19:30etan ostiral eta larunbatean eta 19:00etan igandean. Sarrerak www.pabellon6.org webgunean daude eskuragarri.