MAMBO eginez INDEPENDENTZIARA!

MATXINGORRI GAZTE KONPARTSA 2024ko aza. 18a, 14:06

Hirugarren edizioz egin dugu MAMBO Deustualdeko gazteok. Ohitura bilakatzen ari da Matxingorri gazte konpartsak antolatutako hitzordua. Deustuko, San Inazioko, Arangoitiko eta erriberako gazte independentiston bateragune da konpartsak antolatzen dituen egitasmo desberdinak. Ikasturtean zehar zein jai herrikoien bueltan, aisialdi eta kultur eskaintza alternatiboen bidez, amesten dugun balore eraldatzaileetan oinarrituriko Deustualde eta Euskal Herri askea aldarrikatzen dugu.

Baina zer diogu MAMBO esatean? Termino honekin bi esanahi ulertzen ditugu. Batetik, eskubideen aldeko borroka egitean. Botikazarreko ikasleek haserrea antolatu eta eskaileratan sentada egitea, bada mambo egitea. Baita, kaleak hartzean, mobilizazioetan, herri aske batekin amesten dugun ekimen bakoitza da mambo. Eta bestalde, nola ez, gazteok elkartu, jai herrikoiak antolatu eta horrelako jaialdietan bezala dena ematea! Kantan, dantzan! Gure aisialdian euskal kulturaz gozatzea ere bada mambo egitea!

Azaroaren 16an ospatu dugu aurtengo egitaraua. Done Petri plazan elkartu eta lehen ekintza “Euskal Herria antifaxista eraikitzen” hitzaldia izan da. Faxismoaren gorakadaren testuinguru honetan, diskurtso eta mezu erreakzionarioei aurre egiteko hausnartzeko tartea izanik. Ondoren, transmaribibollo mugimendua harrotu eta plazak hartzeko helburuz “AyDragmela” drag ikuskizunaren eskutik dantza eta kantuan ibili gara gazteak.

Giro paregabean ekin genion afariari Deustuko Herriko Taberna barnealdean. Afari bat baino askoz gehiago izan zen iluntze hartako magia. Aspaldiko lagun hori agurtu eta gazte berriak ezagutzeko aukera besteak beste. Postrea heldu bezain pronto, kantutegiak lagundurik, kantatzen duen herria ez dela inoiz hilko adierazi genuen.

Bukatzeko, gaztetxera jaitsi ginen gauari itxiera ematera. Jada Deustun lagunak ditugun Zaldibarko Dj Xaukena Xauk bikoteak, musika elektronikoz girotu zigun dantzalekua. Deustualdeko gazteok asko dugu esan eta egiteko, beste hainbat MAMBO ditugu aurretik. Antolatzen ditugun asanblada eta egitasmo desberdinetan parte hartzeko gonbitea luzatu nahi dugu.

Gora Deustualdeko gazte independentistak!

MAMBO eginez INDEPENDENTZIARA!

 

MATXINGORRI GAZTE KONPARTSA