URTE BERRI OFF ¡FELIZ 2025!" ikuskizun berritzaile eta paregabearekin itxiko du urtea Pabellón 6ek

uriola.eus 2024ko abe. 23a, 09:08

Bilbok esperientzia paregabe eta aurrerakoia jasoko du Gabon hauetan Pabellón 6ean, "URTE BERRI OFF ¡FELIZ 2025!", komedia, musika eta hausnarketa uztartzen dituen ikuskizunarekin. 2024. urteari agur esateko eta 2025ari ongi etorria emateko, ezinbesteko hitzordu bihurtu da abangoardiako antzerkiaz eta umoreaz gozatu nahi dutenentzat.

Ikuskizuna zazpi emanalditan egongo da ikusgai, abenduaren 28, 29 eta 30ean, eta urtarrilaren 2, 3, 4 eta 5ean. Emanaldiak 19:30ean izango dira, eta sarrerak eta opari-txartelak eskuragarri daude www.pabellon6.org webgunean.

Oraingo honetan, Pabellón 6eko eszenatokia telebista-plato bihurtuko da, eta bertan grabatuko da urte amaierako gala. NaIA Tech adimen artifizialak idatzi eta zuzendutako ikuskizun honetan, ikusleek galaren parte hartzaile izan eta zalantza egingo dute: fidagarria al da dena adimen artfizial baten esku uztea?

Publikoa dotore jantzita joatera gonbidatuta dago, kamera aurrean eta atzean gertatzen den guztiaren lekuko izango baita. Galaren gidariak Gurutze Beitia, Mitxel Santamarina, Iñaki Maruri eta María Urcelay izango dira, eta beraiek antzeztutako pertsonaiek ikusleen barre algarak bermatuko dituzte. Telebista saioetan ohikoak diren musika-emanaldiak (Alex Rementeriak konposatutako bi abesti barne), parodiak, gabonetako iragarkiak eta sorpresa ugari ere ez dira faltako.

"URTE BERRI OFF ¡FELIZ 2025!" ikuskizunak ikusleak dibertitzeaz gain, adimen artifizialak gizartean izango duen eragina eta etorkizuneko erabileraren inguruko hausnarketara gonbidatzen ditu. ZART eta BBK SALAren ekoizpena den obra honen zuzendaria eta koreografoa Maitane Zalduegi da, eta Ugaitz Alegria laguntzaile eta ekoizle aritu da. Dramaturgia Gurutze Beitiaren eta Mitxel Santamarinaren eskutik dator, eta musika zuzendaritza Iñaki Marurik egin du. Argiztapena Edu Berjarena, jantziak Oscar Armendariz Lucarini eta eszenografia ATX Diseinua eta Sorkuntzarena dira.

Gabon honetan, Bilbok teknologia, artea eta umorea batzen dituen ikuskizun zirraragarria eskainiko du, eta "URTE BERRI OFF ¡FELIZ 2025!" urte berria hasiera ezin hobe batekin ospatzeko aukera paregabea izango da.