Ainara Helguera: "Komunitatea sortzea eragin dezake edukia euskaraz sortze horrek"

uriola.eus 2025ko urt. 10a, 13:01

23 urte ditu Ainara Helguerak. San Inaziokoa da eta Euskal Herriko Zinema Eskolan interpretazioa ikasten ari da. Bere ikuspegi originala euskarazko edukien bitartez uztartzeak sare sozialetan, bereziki TikToken, lekua egin dio.

Umorez hitz egingo digu Ainarak bere ibilbideaz, sare sozialek dakartzaten esperientziaz eta horietan euskarak behar duen presentziaz.

Nolatan hasi zinen TikTokarekin/ sare sozialekin?

TikTokarekin berrogeialdian hasi nintzen. Asperduragatik izan zela uste dut. Nik kontsumitzen ditudan bideoak ez dira gero egiten ditudanak, eta ikusten ez nuen hori egin nahi izan nuen. Belén Esteban parodiatzen zuen bideo bat ikusi nuen katalanez, eta neuk ere nire hizkuntza dudanez, hala egitea bururatu zitzaidan.

Nolako bideoak jorratzen dituzu?

Barre egiteko edo konplexuei umorez aurre egiteko bideoak egiten ditut. Hasi nintzenean autokonfiantzako bideoak  egiten nituen eta orain esan dezaket entretenimendua ere egiten dudala. Kritika konstruktiboak egiten ditut, “selfcare”... Denetarik esango nuke.

Esango zenuke lotura duela zinema eskolan ikasten hasi izanak eta bideoak sortzen hasteak?

Esan bezala, TikToka berrogeialdian hasi nintzen erabiltzen, baina interpretazioa betidanik barruan daramadan zerbait da. Beti egin izan ditut antzerkiak, Batxilergo eszenikoa egin nuen Ibarrekolandan… Tiktokaren eta interpretazioaren arteko nahastea izan daiteke agian.

Edukia euskaraz sortzeak zer eman dezake?

Sare sozialetan taldeak daude, eta euskal “”incluencerrak” garen aldetik, Euskal Herriko taldea osatzen dugu guk. Gainontzeko taldeengandik aparte eta isolatuta gaude sare sozialetan eta bizitzan oro har. Izan ere, publiko mugatua dugu eta bakoitzaren lanak fruituak ematea zailagoa izan daiteke.

....

Aldi berean, komunitatea sortzea eragin dezake edukia euskaraz sortze horrek. Adibidez, "zuretzako" traola jarriz, Euskal Herrian kokatuta dagoen edonori nire bideoa agertuko zaio TikTok-en sartzen bada. Partekatzen duzun hori hizkuntza berak batzen duen  jende multzoa elkartzeko modu bat ere bada. Horrez gain,  uste dut zure bideoekin lortu nahi duzunaren araberakoa izango dela zure edykiaren nondik norakoa aukeratzeko hautua.

Zein harreman zenuen euskararekin edukia euskaraz sortzen hasi baino lehen? Ondoren? Euskaraz sortzeak lagundu zaitu?

Nire egunerokotasunean ez dut euskara erabiltzen eta, ondorioz, asko galdu dut. Edukia euskaraz sortzen hasteak hizkuntza berreskuratzen lagundu dit. Bost urte nerematzan euskara egunero edo normal erabili gabe eta, nahiz eta dena ulertu, hitz egiteko orduan jarioa galdu dudala nabaritzen dut; Trabatu egiten naiz, hitzak falta zaizkit… Azkenaldian, egunero euskaraz zertxobait hitz egiten dut. Lagunekin, adibidez, euskara berreskuratu dudala esan dezaket.

Hemendik aurrera euskarazko eduki gehiago sortuko duzu?

Bai, saiatuko naiz. Gainera gustoko dut.

Zerk bihurtzen du bideo bat biral?

Uste dut probokaziotik datorren zerbaitek egin dezakeela euskarazko bideo bat biral. Biral egingo zaizu nolabait “kaka” botako dizutelako, ez zurekin ados daudelako. Emakume batek gordofobiaz hitz egiten badu, eta gainera euskaraz, oso zaila izango da birala izatea. Gaztelaniaz gerta daiteke, ordea.

Nire bideorik biralena, ez dakit zenbat milioi erreprodukzio zein “megusta” dituena, erdaraz dago. Bideo hartan nire kuleroak erakutsi nituen zikin ez zeudela adierazteko, koloregabetuak baizik. Baginaren pH-a azidoa dela eta, azidotasun horrek kuleroak koloregabetzen dituela azaldu nuen, eta izugarrizko arrakasta izan zuen. Hori euskaraz egin banu, ezinezkoa izango litzateke hainbeste jenderengana iristea. Pena handia da.

Zer behar du euskarazko edukiak beste hizkuntzetako edukiak beste oihartzun izateko?

Ezinezkoa dela uste dut. Lehen aipatu dugun probokazio hori behar da, eremu honetan gutxiago garelako euskaraz hitz egiten dugunok.

Ikusi dugunez, 200.000 jarraitzaile izatetik 82.000 izatera igaro zara edukia hain maiz igotzeari utzi diozulako.

Bai. Behin bideoak igotzeari utzi nion ideiak bukatu zitzaizkidalako. Sare sozialetan jarraitzaileek bat-batean gora egiten duten bezala, behera egiten dute. Orain berriro hasi naiz bideoak igotzen, baina helburu edo xede finkori ez dudanez, gogoa dudanean igotzen dut edukia. Ez dut inolako obligaziorik sentitu nahi. Izan ere, obligazio horrek harrotzen du komunikatzeko eta bideoak sortzeo gustua edo grina. Egia da euskarazko bideoekin berriro gora egiten hasi naizela eta gogoa dudala  halaxe jarraitzeko.

Nola kudeatzen dituzu “hater” deritzen horien mezuak?

Terapiara noa eta landu izan dut “hate”aren kontu hau, baina egia da, astakeria da. Inondik inora ezagutzen ez duzun norbaiti pantaila baten atzetik edozer esateak ez du zentzurik, erokeria bat da.

....

Mezu politak ere jaso ditut. Behin 13 urte inguruko neska batek idatzi zidan klasean bullyinga egiten ziotelako ile asko izateagatik. Nire bideoekin topo egin zuen eta indar handia eman zion egoerari aurre egiteko, gurasoei laguntza eskatzeko, bere burua maitatzen hasteko…

 

Sakonean

Zinema eskola bukatzean zein da zure plana?

Nire azken urtea da hau eta castingetarako prestakuntzarekin hasiko gara laster. Badakit zaila izango dela eta badakit oso mundu ezegonkorra dela; batek daki noiz kontratatuko zaituzten... Nire intentzioa uda ostean, irailean, Madrilera joatea da eta bertan saiatzea. Bertako eskola batean ikastea gustatuko litzaidak. Izan ere mundu hau “titulitis“aren mundua da eta horrek lagundu egingo didala uste dut.