Data garrantzitsuak datoz Deustualdean eta emango dugu zeresana

Deustuko kuadrillak 2025ko urt. 29a, 09:37

Txapelketaren epaileak

Urtarrilak 25, Deustuko Kuadrillok indabada antolatu genuen inauteri eta jaiak berotzeko asmoz. Goizeko 10:00ak eta hasi ziren lehen kuadrillak hurbiltzen Ibarrekolanda institutura. Zergatik Ibarrekolandan? Zeintzuk ziren kuadrillak? Nork irabazi zuen lehiaketa? Lasai, goazen pausoz pauso.

Hasiera batean asmoa Deustuko Done Petri plazan egitea zen. Baimena eskatu genion udalari baina gure ekitaldia ez baimentzea erabaki zuten “espazio publikoa modu intentsiboan okupatzea justifikatzen duen motibaziorik ez dagoela” argudiatuz. Plazan baimena eskatu dugun beste batzuetan ere antzeko erantzuna: “vuestro acto no atiende a las necesidades de la ciudadania”. Dirudienez, Ugarteko plazan egindako obrek biztanleen beharrei erantzuten die eta Deustuko Kuadrillen ekimenek ez.

Alternatiba bila hasi ginen eta egokiena Ibarrekolanda institutua iruditu zitzaigun. Lehenak 10:00etan iritsi ziren eta aulkiak eta mahaiak mugitzea izan zen lehen pausoa, pisu handia zuten; beraz, eguneko ariketa fisikoa egina zegoen hamaiketarako. Euria zegoen iragarrita eta konponbide bakarra frontoian batzea zen.

Kuadrilla askok antzeko estrategia erabili zuten: 2-3 kide bidali zituzten lehen orduan eta beste guztiak nahi/ahal zutenean iritsi ziren, pikoteorako edo. 11:00ak pasatxo jende gehiago hurbiltzen hasi zen, batzuk lo gutxi eginda, antza.

Itxura fisikoaz gain, badaude adierazle batzuk kuadrillen esperientzia edo adinari buruzko pistak ematen dizkigutenak. Hau da, esperientziadun kuadrillak (kuadrilla zaharrak deitzea itsusia omen da) goiz heldu ziren, ez zuten materialen beharrik, argi zuten indabak zelan prestatzen ziren… Kuadrillaren bat ume txikiekin ere agertu zen, imajinatu zer nolako esperientzia izan behar duten. Gazteek ba beno, berandu heltzeaz gain, ahal zutena egin zuten. Esaten dute parte hartzea dela garrantzitsuena.

Denbora aurrera zihoan eta bat-batean Arangoitiko Eskubaloi Taldea iritsi zen institutura. Eskubaloi partida zuten 12:45ean Markinako Eskubaloi Taldearen kontra. Beldur ginen ea baloia sutara jaurtiko zuten, baina punteria bikaina zuten jokalariek, ez zen arriskurik egon. Etxeko taldeak irabazi zuen 23-17; hortaz, denok pozik.

Indabak kozinatu bitartean kuadrilla bakoitzeko ordezkariarekin batu ginen eta iazko ekintzen balorazioa eta ekintza berrien proposamena egin genituen. Ideia berriak atera eta egutegian sartzea ez zen lan erraza izan, baina lortu genuen. Kuadrilla bakoitzak ardura hartu zuen ekintza horietako baten bat prestatzeko: Dantza-lehiaketa, kutxa-dorreak, olinpiadak, motor txikien lasterketa, jolas transbertsalak, etab. Nabaritzen zen jaietarako gogoa zegoela. Oraindik txapelketa hasi ez eta batzuk kalkuluak egiten zebiltzan: “Proba honetan ez dugu puntu askorik aterako, beste hau da irabazi behar duguna”, “Pff zaila izango da aurten irabaztea”…

Azken bileran, Deustuko Inauterietako ostiral gaueko gaia aurkeztu genuen: EITB. Berriro ere ideien zaparra kuadrillen artean: Gaur Egun, Wazemank, Mihiluze, El Conquistador del Fin del Mundo, etab.

Txapelketa gastronomikoa nork irabazi zuen esatea ahaztu zaigu. Epaimahaia argazkiko kideek osatu zuten, kuadrilletatik ateratako boluntarioak izan ziren. Nahi beste indaba plater dastatu ostean hurrengoa izan zen podiuma:

  1. Marimatrakak
  2. Ramontxak
  3. One Love

Iaz bigarren postua lortu zuten jaietan eta aurten irabazteko asmoa dutela argi zuten Marimatrakek. Ramontxek nahikoa egin zuten, 4 kide aurkeztu baitziren bakarrik. One Love kuadrillarri dagokionez, beharrezkoa zen indaba goxoak egitea, bestela umeek ez zuten bazkalduko.

17:00ak jota bukatu genuen eta tabernetara joan ginen arratsaldea pasatzera. Eta bai, baten batek ezin zion puzkerrak botatzeari utzi.

Gogotsu ikusi genituen hurbildu ziren kuadrillak eta esan genezake nahikoa inbidia eman geniela hurbildu ezin izan zirenei. Data garrantzitsuak datoz Deustualdean eta emango dugu zeresana. Orain goazen bakoitza bere taldean ideiak praktikara eramaten, indabak prestatu behar ditugu eta momentuz beratzen ipini ditugu soilik.