Imanol Orokieta: “Ez diot Zorrotzaurre deitu. Erribera da”

Prest! aldizkaria 2025ko ots. 11a, 10:08

“Gentrifikazioa” terminoa 60.hamarkadan hasi zen erabiltzen Londresen, Ruth Glass soziologa ingelesaren eskutik. Hiriaren iparraldeko etxebizitzetan eraldaketak eman ziren; tradizionalki langile klasekoenak ziren etxebizitzak, bat-batean klase ertain-altuek okupatu zituzten,  birbalorizatu eta modan jarri baitziren.

Imanolek Orokietak, Soziologian graduatua, gurera ekarri du “gentrifikazio” hori bere Gradu Amaierako Lanaren bitartez. Bertan, hirietako zenbait gunetan gertatzen den gentrifikazio prozesuaren pasaia-aldaketaren alderdiaren inguruan mintzo da, Deustuko Erriberan gertatzen ari den gentrikifazioaren inguruan zehazki. Gerora kartografietara itzulitako Erriberako paisaia jaso eta Deustuko Erriberako Paisaia-Mapa ondu du bere lanean.

Nondik dator Deustuko Erriberako paisaia mapatik abiatutako GRALa egitearen ideia?

Batez ere hurbiltasunetik dator. Ni deustuarra naiz, Ibarrekolandan bizi naiz eta San Inazion egin dut bizitza. Sani eta Erriberaren artean dagoen konexioa urak banatzen du baina ura bera da alde biek partekatzen duten hori. Nirea den zerbait bezala hartu dezakedan lurralde bat da nahiz eta ez izan horrela, konexio bat daukat eta beti berezia iruditu zait.

Gentrifikazioaz informatzen hasi nintzenean konturatu nintzen Erriberan gertatzen ari zen horren garrantziaz eta interesa handitzen hasi zitzaidan.

 Zein metodologia erabili duzu ikerketa aurrera eramateko?

Hasieran buruan nituen ideiak lurreratzea kostatu zitzaidan. Buruan gentrifikazioaren kontzeptua neukan bueltaka baina puntu batera lurreratu behar nuen. Gentrifikazioaren ezaugarrietako bat aldaketa paisajistikoa izanda, horretan murgildu nintzen. Perfil zehatz batzuk aukeratu nituen; batetik auzokideak eta bertako ikasleak, bestetik argazkilari bat… Perfil horiekin geratu nintzen paseo bat emateko; “auzotar bezala eta zure perfiletik erakutsi auzoa, nik ezagutuko ez banu bezala” esaten nien. Nik paseo hori Wikilocen erregistratu eta Emilio Varela arkitektoarekin elkarlanean mapa bat osatu nuen.

Zein esango zenuke dela lanaren helburua?

Paisaiaren eta maparen definizioak kontrajarriz mapa paisajistiko bat egitea izan da nire intentzioa. Paisaia hautematen dugun oro bezala ulertuta, oroitzapen eta bizipenetan gordeta daukagun oro bezala, paisaia mapa bat osatu dut. Kartografia bat paisaiaren alderdi guzti horiek jasotzen dituena. Paisaia osotasun horretan jasotzen saiatu naiz.

Mapa erakutsi diguzu. Azalduko maparen nondik norakoak?

Polita da ikustea bakoitzak eskala bat daukala. Paisaia bakoitzaren eskala propioa da eta mapa honek ez dauka eskalarik. Partaide bezain beste eskala ditu. Mapari erreparatzen badiozu desastre bat da eta polita aldiberean. Bakoitzak bere eskala duela erakusten dizu. Guztiok eskala berean egongo bagina irudiak zentzua izango luke baina kasu honetan ez dauka; zirriborro bat da.

Ura aipatu duzu lanean zehar. Zein da Erriberaren eta uraren arteko harremana?

Urak bere agentzia eta bere indarra dauka. Uraren bitartez egin da azkenengo mendean egin den aldaketa guzti hori. Lehen bazen Erribera bat, uraren bitartez penintsula batean bilakatu zena eta uraren bitartez baita, irla bilakatu dute. Urak auzoa hartzen du marea biziak daudenean, auzoa geldiarazten du alegia. Petrila bezalako elementua uretatik banandu eta babesten zaituen dispositibo bat da baina aldi berean urarekin kontaktuan mantentzen zaitu; tabernan zerbait hartzen duzunean petrilean ezartzen zara.

Mondragon Unibertsitate alboan markesina bat dago, Digipen- Mondragon plaza hori berriztuta dago… berritu dezatela futbol zelaia, jarri ditzatela azpiegiturak auzokideak bizi diren zonaldeetan. “El dinero va a donde esta el dinero” eta kasu honetan pilla bat nabaritzen da. Kanpotik datozenak auzoa zeharkatzen dute, sarrera bat eta irteera dituzte, ez dute auzoa bizitzen eta linea jarraian egin ahal baldin badute hobe. Adibidez Emilio Varelak La Ciudad Immovil egin zuenean bide sinuosoak bilatzen zituzten, frenatzera behartuko zaituztenak, paisaia osoa hautematzeko. Badago haustura bat eta haustura hori areagotu egingo da.

Zein ondorio atera dituzu?

Auzokide batek nire lanerako gakoa izan den zerbait esan zidan; Haustura identitarioa. Eraikitze prozesuan dagoen eraikin bat seinalatu zidan esanez bertan, momentu honetan Erriberan bizi diren bezain beste biztanleak bizi direla. Metropoli edo hiri batean bilakatuko da Erribera. Talka bat izango da eta izaten ari da. Auzokideek ahal dutena egingo dute. Badago auzo komunitate bat baina oso zaila da gertatzen ari denaren kontra egitea. Bizinahi bota nahi badute adibidez, botako dute. Ondare industrial bezala erregistratuta dauden eraikinak botatzen ari dira, bota ezin direnak… Nahi dutena egiten ari dira eta oso gutxi dira horren kontrako indarra egiten ari direnak.

Nire kezka sakondu egin da. Gehiago ezagutu dut aldaketa, auzokideek ezagutzen dutena. Hain ikuspuntu desberdinak alderatzerakoan, 82 urteko gizonak bere garaiko Erribera aurkeztu zidan eta gazteak, etorkizuna eta zer datorren.Beldurretik erakutsi zidan Deustuko Erribera.

Polita izan da. Ikertzaile, seudo ikertzaile palestratik jaitsi eta horizontaltasun hori lortzea polita izan da. Haiek gidatu ninduten gainera. Horra arkitektura ikasleak hurbiltzen dira eta soziologo bat hurbildu izana arraroa izan da baina polita.

Arduratik egindako zerbait dela esango zenuke?

Ez da ikerketa lan bat soilik. Akademikoa da Gradu Amaierako Lan bat delako baina auzotarren ahotsa bilatzen nuen gehien bat. Hirigintza “agresibo” gisa identifikatzen zituen ematen ari diren eta emango diren obrak eta hori bada paisaia. Badago aldarrikapena nire lanean bai. Ez diot Zorrotzaurre deitu, Erribera da. Interesa aldarrikapen grinetik datorrela esango nuke.

Bizinahin aurkeztuko duzu zure lana…

Itxaroten nago data aldetik adostasun batera heltzea ezinezkoa izan zaigulako orainarte baina horretan nabil. Prozesuaren parte da produktua itzultzea bere lekura. Izan ere mapa bat inprimatu dut Erriberan uzteko, gutxienez kopia bat hor egon behar dela uste dut. Jendearekin ikerketa bat egiten duzunean itzuli egin behar diozu. Haien denbora eskaini dizute. Ikusteko polita izango da.

 

SAKONEAN

Lan honek gogoak piztu dizkizu aurrerantzean ikerketan jarraitzeko?

TFMa(Master Amaierako Lana) bertan egiten saiatuko naiz. Masterra “Partaidetza eta Komunitate garapena” da eta metodologiari dagokionez zerbait kolektiboagoa egin beharko nuke. Auzotarrek egin dezaketen plan urbanistiko bat izan daiteke adibidez. Hortik eramaten saiatuko naiz baina ikusteke dago oraindik…

Gertatzen ari dena bizirik dago eta beraz, gaiak mami pila bat du. Aldarrikapen bezala ere interesgarria iruditzen zait.

Lana ondu ostean ze aldarrikapen egingo zenuke?

Galdera hau auzotarrek erantzun beharko lukete baina lana abiapuntu hartuta esango nuke badagoela herri bat, herri izaera duena eta bizirik dagoena. Hor daudela, izaera propioa dutela eta batez ere indarra.