Azken hilabeteotan burubelarri aritu gara Deustuko Gazte Lokaleko Txoridendan espaziotxo bat berreskuratu, polit polit atondu eta podcastak grabatzeko estudio bat muntatzen. Auzoaren bihotzean kokatua eta auzokideon eskutara jarriko den espazioa da hau, auzokideek nahi dutena jaso eta lau haizetara zabaltzeko asmoarekin. Elkarrizketak, musika saioak, auzoko anekdotak edo monografikoak jorratuko dira bertan, besteak beste, eta esan bezala, auzokideei espazioa ezagutu eta proiektuan parte hartzeko deia luzatzen diegu. Hau zuen etxea ere bada.
Zintzoak izateko, NUEN MAITE irratia ez da irrati bat, podkastak egiteko estudio bat da. Baina gehiago ere bada, eskaparate baten atzean baitago, eta publikoarekin ere saioak egiteko aukerara ematen du. Honela, ekimenak garatzeko aukerak biderkatu egiten dira, goiz edo arrastipasa ederrak antolatu daitezke bertan, irratsaio bat grabatu bitartean.
1991tik auzoa astintzen dabilen Deustuko Gazte Lokaletik hainbat eta hainbat belaunaldi pasa dira eta ehunka proiektu eta ekintza garatu dira bertan. Irratia da azkena, gaztetxeko kideen babes eta laguntzarekin, ezin zen beste era baten izan. Gaztetxean beti egin ohi dugun bezala, autogestioan sakonduz, gauza batzuk guk eraiki ditugu elkarlanean, beste batzuk berrerabili eta ekipo batzuk erosi ere egin ditugu. Jadanik prest dago martxan jartzeko!
Pasa den otsailaren 8an irratiaren aurkezpen ofiziala egin genuen. Egun osoko egitaraua antolatu genuen, goizeko 12.30etan hasita, marianitada eta binilo pintxada batekin hasi eta herri bazkari batekin jarraitu genuena. Bazkalostean irrati honen lehen saioa grabatu genuen gaztetxeko eta auzoko kideekin batera, eta baita gauean aritu ziren musikariei elkarrizketa batzuk eginez. Izan ere, gauean Benizze, Katu eta KimoSoundzen kontzertuak ere egon ziren gaztetxean. Egunpasa ederra izan zen Nuen Maite irratiari babesa ematera hurbildu zirenentzat!
Hemendik aurrera, erronka jendea proiektura erakarri eta irratia edukiz betetzea izango da. Interesa duen edonor gonbidatzen dugu harremanetan jartzera, denon artean taldetxo bat osatu eta denon artean erabakiko dugu irrati honen nondik norakoa, zertarako nahi dugun eta nola kudeatu nahi dugun. Jakinmina badaukazu, auzoari zer kontatu badaukazu, podkast bat egiteko gogoa badaukazu, hurbildu zaitez otsailaren 8an. Denon artean borobilduko dugu proiektua!