Deustualdeak inauterien festa giroaz gozatu zuen pasa den asteburua

uriola.eus 2025ko ots. 27a, 18:45

Bilboko Aratusteak hasteko zorian daude, baina Deustualdeak jada inauterien festa giroaz gozatu zuen pasa den asteburuan. Hain zuzen ere, Ibarrekolandan eta Deustun ospatu zituzten. Bi auzoetako adierazpenak jarraian:

IBARREKOLANDAKO INAUTERIAK– Ibarrekolandako Jai Batzordea:

Ibarrekolanda jostailuz jantzi da 2025eko inauteriak ospatzeko. Urtero bezala, Ibarrekolandako Institutuan eta auzoko kaleetatik giro aparta bizi izan dugu. Egun paregabea aprobetxatuz, mozorro liluragarri eta originalez gozatzea lortu dugu: goiz-goizetik txikientzako ekintza mordoekin hasi eta gorputza abestien erritmora dantzatzen bukatu.

Lehendabizi, auzoko txikienek Etorkizuna Eskaut taldeak antolatutako tailerrez zein puzgarriez disfrutatu dute. Familiek jolas originalak sortzen zituzten bitartean, “Kokotean kolpe” fanfarreak auzoko kaleak alaitu dituzte. Ondoren, bazkari herrikoia eta txokolatada izan dugu, “Ibarretukadaren” erritmora mugituz.

Azkenik, egun zoragarri hau bukatzeko, gure gorputza dantzan jarri dugu. Orduak arin pasatu dira mozorro eta “Diskodantza” abestien artean. Laburbilduz, egun paregabea pasa dugu inauteriak aitzakiatzat hartuz; desfile, jolas eta musika auzoko jendea elkartzeko arrazoi ezin hobea izan da.

 

DEUSTUKO INAUTERIAK – Deustuko Jai Batzodea

Ostiral iluntzea da. Hasi dira plazara, txosnaren ingurura, hurbiltzen lehendabiziko pertsonaiak. Denetarik elkartu da: vicky bikingoak, wazemankeko zale nostalgikoak, eskupilota zaleak, txikiteroak, Kerman mintzalagun bila… Ostirala kuadrillen gaua da, eta EITB izan da mozorroak abiatzeko gaia. Urtez urte indarra hartuz joan da ostirala eta, hasieran, kuadrillak lotsati hurbiltzen diren arren, elkarren arteko jolasekin giroa hartzen du gauak, aterpetik kanpo euri-jasa bada ere.

Larunbatean, ordea, eguzkiak ere ospatu zituen Deustuko inauteriak. Goizean, Lantzeko inauteriak dantzatzera irten ziren gazteenak eta, gero, 600 lagun elkartu ziren herri bazkarian. Bazkalostean DJ Reimyren bizikletaren atzetik ibili ziren hamarnaka lagun, ia-ia 3 orduz Deustuko kaleetan zehar. Zalantza handiena da nork gozatu zuen gehien: juergazaleek ala DJ Reimyk berak. Eguna bukatzeko, dantzak hartu zituen Done Petri plaza, euskal dantzekin hasieran, eta Nonbait erromeriarekin gero, lepo egon zen plaza.

Igandea ederra da deustuar guztientzat. Desfile Nagusiak Madariaga etorbide osoa hartu zuen eta 30 taldek, kuadrillak, elkartek eta eragilek erakutsi zituzten bere mozorro eta karroza bereziak. Desfilean bazen bere mozorro landua harro erakusten zuenik, baina baita aurreko egunetik zikin zuen lotsagaberik ere. Desfile horretan maila eta estilo guztietako mozorroentzako lekua badago. Asteburua bukatzeko, sariak banatu ziren plazan: mozorrorik onena, karrozarik onena, animaziorik onena… Gainera, Juanjo Mendibilen omenezko sari bat ere badago, 1977an lehenbiziko inauteriak antolatu zituelako Deustun eta ehundaka lagun desfilatzera atera zirelako orduko debekuen gainetik.

Asteburu honetan ikusgarriak izan diren ekintzak kontatu ditugu, baina hau posiblea izan da Deustuko Jai Batzordea osatzen duten kideak burubelarri ibili direlako ekintzen antolaketan, txosnaren muntaketan, sukaldatzen, txandak egiten, eta dena garbitzen. Pozik daude emaitzarekin, eta laster izango diren jaiak prestatzen jarraitzeko gogoz.