Deustuko Erriberako bizilagunek kirol-gune bat exijitu diote Bilboko Udalari

uriola.eus 2025ko mar. 3a, 12:04

Inauteriak ospatu ezik, Deustuko Erriberako bizilagunek merezi dute garapen inklusibo eta ekitatiboa, eta funtsezkoak diren hainbat espazio aldarrikatu zituzten pasa den larunbatean.

Azken hilabeteotan, areagotu egin da etxebizitzen eta azpiegituren eraikuntza Deustuko Erriberan, eta garapen horrekin batera, auzotarrentzat funtsezkoak diren hainbat espazio,  suntsitu egin direla ohartarazi zuten pasan den larunbatean, martxoak 1, egin zuten agerraldian, Yolanda González plazatxoan.

“Inauterietatik ere, zergatik ez, udalari kirol-gune bat eskatu nahi diogu”, adierazi zuten Deustuko Erriberako bizilagunen elkarteak eta Jai Batzordeak, inauteriak ospatu bitartean. Azkenengoz, futbol- eta saskibaloi-zelaia lurrez estali zuten “uharteko obrengatik”. “Makinek parkea erausi zuten, eta horrela auzoari, eta batez ere txikitxoei, kendu egin zioten kirola egiteko gune bakarra”, gehitu dute.

Deustuko Erriberako eta Zorrotzaurreko bizilagunek salatu dute urteak daramatzatela erakundeen utzikeria jasaten. Izan ere, Elkarteak udalari helarazi zion kirolgunearen arazoa: “Egia da arrazoia eman zigutela eta, urte amaierarako helburu horretarako gune berri bat izango genuela ziurtatu zigutela. Baina oraindik, otsailaren amaieran berdin jarraitzen dugu, tokirik gabe”.

Erribera Bilboko espantsio-gune bilakatzeko lanak aurrera joan ahala, auzotarrek hondeamakinen lan frenetikoak eragindako eragozpenak pairatu behar dituztela salatu dute, eta auzoko baliabide publiko eskasak are gehiago murriztu direla. “Onartezina da, azpiegitura modernoak proiektatzen diren bitartean, auzoa oinarrizkoak diren baliabiderik gabe uztea: kirol-zelai soil bat kasurako”, azaldu dute.

Hori dela eta, Bilboko Udalari exijitzen diote berehalako neurriak har ditzala, eta futbolean eta saskibaloian ibiltzeko gune bat atondu dezala, “auzoaren biziberritzea ezin baita egin bertako biztanleen pentzudan”. Deustuko Erriberak eta Zorrotzaurrek merezi dute garapen inklusibo eta ekitatiboa aldarrikatu dute, bertan bizi diren pertsona guztiak errespetatu eta aintzat hartuko dituena.