MITOAROA

Antxon Agirre 2025ko mar. 4a, 13:53

1975. urtean IKIMILIKILIKlLK ikuskaria taularatu zuen Ez Dok Amairu kolektiboak. Euskal kulturaren berrasmatze bat proposatzen zuen ikuskizun hark, artearen bidez hizkuntza eta identitatearen garrantzia azpimarratuz. Kanta, poesia, dantza eta antzerkia, txalapartaren doinuz uztartu ziren ikuskizun abangoardista horretan.

2025. urtea hasi berri den honetan, MITOAROA izeneko emanaldia aurkeztu digu Zetak taldeak. Abeslaria ez da Taylor Swift, Pello Reparaz da. Ez da Londreseko proiektu bat, Nafarroan sortu da. Ez da hizkuntza hegemoniko bat, euskara da. Gertatutakoa ez zen kontzertu bat izan, are gehiago, mitoak eta oraina gurutzatu ziren lekua.

Musika elektronikoa, euskal nortasuna, eta mitologia eta tradizioa. Hiru osagai horiekin osatu zuten Nafarroa Arenako ikuskizuna. Aralarko Damaren dei misteriotsu batekin hasi zen dena. Zuriz jantzitako emakume mitologiko hark ahots esanguratsuz dei egin zion Pellori. Kobazuloan murgildu eta hasi zen eztanda.

Ikuskizunean zehar, hiru albumetako kantuak entzuteko aukera izan genuen. Album bakoitzaren zentzu eta estetika propioa islatu egin zen oholtzan. Aaztiyen, azken diskako kantuekin laguntzera igo ziren Neomak eta Marala taldea. Abenduan ateratako Hileta Kantu Nafarra abesti berria, modu eder eta berezian interpretatu zen Maixux Zugarramurdi ama-alabekin batera.

Perkusioa, bateria, sintetizadore lanak eta ahotsa. Lau partaidek osatzen dute taldea; baina, egiten duten hori erraldoi bilakatzen dute, ikusgarri. Halako tamaina behar zuen sorginkeria honek. Kontakizun batetik bestera eraman gintuen ikuskizunak, ur barruan zein suaren inguruan.

Kukai dantza taldearen mugimendu iradokorrek kantuekin bat egin zuten. Eta giroa magiko bilakatu zutenak izan ziren Unanuko mamuxarruak, Iturengo joaldunak, Tuterako zipoteroak, Altsasuko momotxorroak, Zubietako joaldunak, Arbizuko txatarrak eta Lantzeko ihauteriko pertsonaiak.

Hori gutxi balitz, ahanzturan utzi ezingo dugun momentu hunkigarriena Erramun Martikorenak eman zigun. Xoriei mintzatzeaz gain, Urepeleko artzainari “nun hago” hots egin genion 15.000 lagunok elkarrekin.

Nola ez, euskararen aldeko aldarrikapena izan zuen plazak. Pellok, esker ona adierazi zien euskaldunak ez diren zaleei eta pauso bat haratago ematera gonbidatu zituen euskarak aukerak zabalduko dizkielakoan.

Emozioz beteriko gau hartan, proiektu honen haziari ere keinu berezia egin zitzaion. Nerabezaroa eta gaztaroa Vendetta taldearekin bizi izan dugunok ilusio handiz abestu genuen beste behin “Begitara Begira” kantua haiekin batera.

Hitzordu ahaztezin honekin, kate luze baten katebegia garela adierazi digu ZETAKek. V. urteurrena eta historikoa. Oihartzun geldiezina da hau, euskal musika eta kulturaren aro berria.