Deustuko Gazte Lokala, Berbaizu Euskara Elkartea, Gazte Alai, Deustuko Jai Batzordea, Arranopola, Pare Gazte Talde Feminista eta Matxingorri Gazte Konpartsa azken orduko ikutuekin dabiltza txosnagunean, Deustuko Jaiei hasiera ezinhobea emateko. Martxoaren 14tik 23ra bitartean, Deustuko Jai Batzordeak antolatutako jaiak herriaren kultura eta nortasuna ospatzeko aukera izango dira. Hamar egunetako egitarau zabalak ekintza ugari eskainiko ditu, herritar guztientzat eta inor baztertu gabe.
Arratsaldeko 20:00etako txupinarekin eta pregoiarekin batera abiatuko dira jaiak, eta Deustuko kuadrilla eta konpartsa guztiak txosnagunera jaitsiko dira musika eta dantza artean. Ia 10 eguneko jaiak dituzte aurretik eta deustuarrak gogotsu daude, euren “Aste Nagusi” propioaz gozatzeko. Beraz, deustuar oro gonbidatu nahi dute ekintza guztietan parte hartzera, eta, “eraso sexistarik, lgtbfobikorik eta arrazistarik gabeko jaiez gozatzera”.
Denetariko jarduerak
Aurtengo jaiak “berezi” egingo dituzten ekintzez osatuta egongo dela adierazi du Deustuko Jai Batzordeak. Esaterako, martxoaren 15ean, Munduko Arrozak txapelketa gastronomikoa antolatu dute Done Petri plazan, Deustun bizi diren jatorri eta kultur askotariko auzokideok harremanak ehuntzeko asmoz. Baina, txapelketa honetaz gain, beste bi gastronomiko antolatu dituzte hurrengo asteburuan: Tomate nagusia eta tortilla txapelketa.
Bestalde, lehenengo asteburua borobiltzeko, Alkatearen kalejira eta emakumeen aurreskua egingo dira, azken honek 26. urteurrena betetzen duena. “Urteurrenarekin, oroitu nahi dugu Deustu udalerri izan zela, eta 100 urte beranduago ere, deustuarrok nortasunari eusten diogula”, aldarrikatu du Deustuko Jai Batzordeak.
Haur eta gazteentzako jarduerak ere izango dira: antzerkiak, tailerrak, euskal dantzak, suzko zezena eta lasterketa herrikoia, besteak beste. Kuadrillen arteko lehiaketa ere indar handiz antolatu dute Deustuko Kuadrillek, 30 kuadrilla eta 300 gazte baino gehiago parte hartzeko asmoz. Bertso saioak, musika eta beste hainbat ekintzek osatuko dute jaietako egitaraua.
Herriaren indarra eta kultura
Jai honetan boluntarioen lana eta herritarren parte-hartzea dira oinarri, udalaren laguntza mugatua gorabehera. Euskal kultura eta parekidetasuna ardatz dituzten jai hauek, guztientzat eta inor baztertu gabe antolatu dira.