Euskaraldian izena emateko epea zabalik dago

uriola.eus 2025ko mar. 19a, 11:54

Norbanakoen izen-ematea ireki eta bosgarren egunera Bilboko Euskaraldiak aurkezpen publikoa antolatu du bilbotarrak ariketan parte hartzera gonbidatzeko.

Euskaraldiaren laugarren edizioan belarriprest edo ahobizi moduan izena emateko epea zabalik dago pasa den martxoaren 15etik. Egun horretan, izena emateko epea iragartzeko ekitaldia antolatu zuten Gasteizen. Norbanakoen izen-ematea ireki eta 5. egunera, martxoaren 20an, Bilboko Euskaraldiaren aurkezpen publikoa izango da Deustuko Done Petri Plazan 20:15ean. Horretarako, hiriko zenbait sektoretako pertsona erreferenteek, ariketaren berri eman eta bilbotarrak parte hartzera gonbidatuko dituzte.

Maiatzaren 15etik 25era izango da aurten ariketa masiboa, udaberrian, eta txapa paparrean jantzita ibiliko dira Euskal Herri osoko milaka lagun, euskararen erabilera aktibatzeko, eta hizkuntza ohiturak aldatzeko.

Azken hilabeteetan Euskaraldiak euskararen erabilerari egiten dion ekarpena nabarmendu du Euskaraldia mugimenduak. Gasteizen egindako aurkezpenean, Goiatz Urkijo Euskaraldiko koordinatzaileak aipatu zuen Euskaraldiak txapa jartzetik haratagoko lanketa eskatzen duela: “hausnarketa, jarrera, bakoitzak bere burua erronkan jartzea…”. Azpimarratu du lehen Euskaraldian izena ematean dagoela.

Izena ematea webgunean dagoen formularioa beteta egiten da, eta Urkijok gehitu du ariketarentzat oso garrantzitsua dela parte hartuko duten belarriprest eta ahobizi guztiek ematea izena.

 

Txapa, besteentzako keinua

Behin izena emanda aukeratutako rolaren araberako txapa eskuratu beharko dute parte hartzaileek. Euskaraldiko lantaldearen ustetan ezinbestekoa da ariketak irauten duen 11 egunetan txapa soinean erabiltzea, aurrean den ezezagunak euskaraz badakien erakutsiko baitu txapak. Norberarentzat baino besteentzat keinu bat da txapa, beraz. Txapa ikusita aurrean dagoenak euskaraz ulertzen duela jakin daiteke. Hala, txapak mezu argia ematen dio aurreran duenari “nirekin egizu euskaraz!”

Maiatzaren 15tik 25era, beraz, euskararen erabileran jauzia emateko ariketan parte hartuko dute milaka herritarrek.