LIBERTIMENDUA

Antxon Agirre 2025ko api. 10a, 13:34

Iruñeako libertimendua

“Negua joan da ta” eta “Udaberria datorrenean” abestiek dioten bezala, Euskal Herri luze eta zabalean hainbat modutan antolatzen ditugu inauteria ospakizunak. Neguko solstiziotik udaberriko ekinoziora doan aroko erritualdi luzeari deritzogu eta garai honetan, “Libertimendua” izeneko artedramak loratu egiten dira. Izan ere, gutxienez zortzi libertimendu izan dira aurtengo inauterietan Nafarroa Beherean, Lapurdin, Nafarroan zein Gipuzkoan.

Baina zer da “Libertimendu” bat? Ikuskizun bat baino gehiago. Antzerkia, musika, dantza eta bertsoa uztartzen dituen jokoa da. Libertimenduak, herrietako harremanak erregulatzeko eta egituratzeko tresna dira. Espazioa hartzea, komunitate harrotzea. Kritika eta umorerako eremu, gazteak eta euskara protagonista izanik.

Errito hauetan bi mundu ikus ditzakegu aurrez aurre. Batetik, mundu antolatua; eta bestetik, bazterreko talde ilunak. Lehenak udaberriari deika aritzen dira; bigarrenek, berriz, neguaren irautea bilatzen dute.

Antzezleak, zirtzilak dira. Talde iluna. Hitzaren hartzea dutenak. Herriko gazteak dira, botererik gabekoak, baina ordubetez boterea hartzen dutenak plazan. Urte horretako gertakari lokalak gaitzat hartuta, komunitate horretako erreferentziazko pertsonei kritika sozialerako unea izaten da.

Dantzariak bolantak dira. Talde argia. Musikaren laguntzaz gramatika propio bat adierazten dutenak, makila dantzak zein jauziak tartekatuz.

Bertsolariek rol berezi bat dute. Goizean zeharreko kabalkadan geldiune bakoitzean, bertsoz zirikatzen dute giroa, eta ondoren, plazako emanaldian azaldutako gaiei eutsi eta beraien begiradatik kantuz mamitzen dituzte bertsoak. 

Biribil baten bueltan sortzen da eztanda, hau da, ertz guztiak dira aurreak eta mikrorik gabe ibiltzen dira zirtzilak. Herri horretako komunitateko kideek ikusteko helburuarekin jaiotzen da. Ez du beste ikusle xederik, ez du zerbait handia izan nahi. Izan ere, auzo bakoitzean egin beharko litzatekeen ariketa interesgarria da.

Egitura eta formatu propioa du, funtzio jakin batekin. Eta honen ikerlari nagusienetakoa Antton Luku (Donibane Garazi, 1959) da. “Libertitzeaz” liburua argitaratu zuen duela 10 urte, eta geroztik, hauxe da gaur egiten diren libertimendu guztien abiapuntu eta arauemaile.

Libertimenduak herri ekimen ederrak dira. Egun bateko jaia izan arren, atzean prozesu aberasgarria dago. Euskaraz egindako prozesuak euskal komunitatea elkartu eta sendotu egiten du egitasmoaren bueltan. Kulturak bizirik sentitzeko balio du, herri bizi eta parte hartzaileak eragiteko ezinbesteko tresna baita.