“Ikasle, irakasle eta familien arteko topagunea”

Aste Kulturala Deustuko Ikastolan

Joana Esparta 2025ko mai. 6a, 11:24

Urtero bezala, Aste Kulturala ospatu da Deustuko Ikastolan. Aurtengo edizioa apirilaren 7a eta 11 bitartean izan da, eta Haur Hezkuntzako lau eta bost urteko umeen familiek hartu dute antolakuntzaren ardura Ikastolako Guraso Elkartearekin batera.

Deustuko Ikastolan urtero ilusio handiz ospatzen den ekitaldia da Aste Kulturala eta aurten ere ekintza ugari izan dira: ipuin kontakizunak, tailerrak, eskulan erakustaldiak, dantza saioak eta hitzaldiak, besteak beste. Jarduera horiek guztiek helburu argiak dituzte: Lehenik, ikasleak euskal kulturara hurbiltzea eta gure kulturaren berezitasunak zaintzea eta goraipatzea; bigarrenik, euskararen erabilera sustatzea eremu akademikotik harago, esparru ez-formaletan eta eguneroko harremanetan; azkenik, gure kulturarekin batera bizi diren gainontzeko kultura guztiak aintzat hartzea eta euskal kulturara erakartzea.

 

Aste kulturalaren helburuak

Lehenengoari dagokionez, Aste Kulturalaren helburu nagusietako bat, eta agian funtsezkoena, euskal kultura belaunaldi berriei gerturatzea da. Hain zuzen ere, Aste horren baitan antolatzen diren jarduerak tresna ezin hobea dira ikasleek euskal kultura gertutik bizitzeko eta berorren parte sentitzeko.

Bigarren helburuaren bidez euskararen erabilera bultzatu nahi da eskolako eremutik harago, ikasleek euren eguneroko jardunean ere hizkuntza eroso eta naturaltasunez erabil dezaten. Horrek guztiak bultzada handia emango lioke euskararen normalizazioari Deustualdean.

Kultura Astearen hirugarren helburua izan da beste herrialde batzuetako kulturak begirunez hartzea eta, aldi berean, euskal kultura erakargarri suertatzea.

 

Astean zehar egindako ekintzak

  • Rap tailerra: La Basu (Elena Caballero): Elena Caballerok eskainitako rap tailerrean, ikasleek rap musika sortu eta grabatzeko aukera izan zuten. Tailer honek euskararen garrantzia eta sormenaren bidez musika sortzeko aukera eman zuen.
  • Deustuko Arraun Taldea: Deustuko Arraun Taldea bertatik bertara ezagutu zuten DBH 1. mailako ikasleek. Hala, arraunaren jatorria eta historia ezagutu zuten eta Euskal Herrian tradizio handiko kirol honekiko jakinmina piztu zien bisitak.
  • Xabier Madariaga kazetariaren hitzaldia: Xabier Madariagak Gazako gatazkaren inguruko hitzaldia eskaini zien DBH 3. mailako ikasleei. Ikasleei egungo gatazkak ulertzeko aukera izan zuten eta, horren ondorioz, gizartean izandako eraginak aztertzen jardun ziren talde moduan.
  • Zinetxiki Zinemaldia: Zinetxiki Zinemaldia izan da Aste Kulturaleko ekintzetako bat. Zinetxikiren helburua da nazioarteko ikus-entzunezko edukiak ikasleei ezagutaraztea. Hala, ikasleek adinaren arabera egokitutako film labur batzuk ikusi eta gero, eskulan berezia egin zuten: taumatropoa (irudietan mugimendu sentsazioa sortzeko erabiltzen den jostailu optikoa).
  • Ipuin kontalaria: Ikasleen artean aniztasunaren inguruan gogoeta eginarazteko, Haur Hezkuntzako (2 urte) umeen familia batzuek ipuin kontaketa saio berezi bat antolatu zuten. Ipuin horiek aniztasuna ardatz hartuta hautatu ziren, eta kontakizunen bidez, ikasleek aniztasunaren aberastasuna ulertu eta baloratzeko aukera  izan zuten. Ekintza horrek balorazio positiboa izan zuen bai ikasle eta baita irakasleen aldetik ere.
  • Txema Luzuriaga: argazki erakusketa: Txema Luzuriaga Fernandezek  Deustu auzoaren milaka argazki bildu eta sailkatzeko lana egin du. Bildumako argazkiak 1925. urtea baino lehenagokoak dira eta ikastolan ikusgai egon dira Aste Kulturalean zehar. Iraganeko Deustura bidaiatu eta Deusturen bilakaera eta historia ezagutu ahal izan dute argazki erakusketara bertaratu diren guztiek.
  • Euskal dantzen tailerra: Lau eta bost urteko umeek euskal dantzen tailerra izan zuten. Tailerrak azalpenak eta praktika uztartu zituen: ikasleek dantza tradizionalen jatorria ezagutu zuten eta, horrez gain,  hainbat euskal dantza dantzatzen jardun ziren. Tailerra eskolaz kanpoko begiraleek antolatu zuten.
  • Trakamatraka: eguneroko objektuak soinu-tresna! Aho zabalik aditu zuten Haur Hezkuntzako lau eta bost urteko ikasleek "Trakamatraka” ikuskizuna. “Trakamatrakak” musika-tresnak sortzen ditu egunerokoan erabiltzen ditugun objektuak berrerabiliz, eta, musika baliatuz, birziklatzearen eta ingurumenarekiko errespetuaren garrantzia irakasten die gaztetxoenei.
  • Ondalan Erraldoien Konpartsa: Lehen Hezkuntzako 1. mailako ikasleek Deustualdeko ohitura herrikoi mitikoa gertutik ezagutu zuten. Ondalan Konpartsaren bisitan, ikasleek erraldoi txikiak sortu zituzten, eta ondoren, erraldoiak nola mugitu ikasteko praktika-saioetan parte hartu zuten ilusio handiarekin.
  • Eider Eibar euskal ilustratzailea: Eider Eibar (Zornotza, Bizkaia, 1980) ilustratzailea Deustuko Ikastolan izan zen Aste Kulturalaren bigarren egunean. Tailerrean, artista ezagutzeaz gain, ikasleek euren ideiak marrazki bidez adierazteko tarte bat izan zuten. Gaztetxoek oso ondo baloratu zuten Eibarren bisita; esperientzia aberasgarria izan zen eurentzat.
  • Herri kirolak: Aste Kulturalaren lehen eta laugarren egunean, Herri Kiroletan jardun zuten Lehen Hezkuntzako (2, 3 eta 4. mail) ikasleek. Ikastolako guraso batzuen inplikazioari eta eguraldi onari esker, jai-giro itzela sortu eta primeran gauzatu zen jarduera.
  • Txotxongilo musikatuak: "Txotxongilo musikatuak” ekintzak oso harrera ona izan zuen umetxoen artean. Musika eta barre algarak izan ziren nagusi Haur Hezkuntzako lau urteko umeen hainbat gurasok antolatutako ekintzan bertan.
  • Bertsolaritza: Ekain Alegre (Altsasu, 2001) eta Maite Sarasola (Deustu, 2001) bertsolariak izan ziren Aste Kulturalaren laugarren egunean. Bertsolaritza tailerrak euskal ahozko tradizioaren garrantzia azpimarratu zuen, eta bertsoak sortzeko eta entzuteko aukera paregabea eskaini zien ikasleei...
  • DBHko ikasleen proiektuak ikusgai izan dira Ikastolan: Ikastolako ikasle nagusienek ikasturtean zehar egindako proiektuak ikusgai egon dira Kultura Astean zehar. Proiektu askotarikoak egin dituzte eta horietako batzuk hauexek izan dira: euskalglifikoa, blackout poetry eta munduko biodibertsitatea. Ikasle gaztetxoagoek proiektuok ikusteko aukera izan dute kultura asteak iraun duen egunetan zehar.
  • Txalaparta: Ekintza honek euskal musika tradizionalaren garrantzia azpimarratu zuen eta ikasleek esperientzia esanguratsu bat izan zuten. Polita izan zen umeek izan zuten erantzuna eta interesa ikustea.
  • Literatura tailerra (Imanol Etxebarria ikastolako guraso eta idazlea): Idazteko sormena lantzeko tailerrean, ikasleek idazteko teknika desberdinak ikasi zituzten, bai bakarka, baita taldeka ere. Ekintza eskolako Ikaslab gelan eraman zen aurrera, eta horretan, idazteko zaletasuna bultzatu zen, sormena eta idazketa hobetzeko aukera eskainiz haurrei.
  • I Feel Nut: Euskal joskintza kontziente eta jasangarria (Maite Grande, ikastolako gurasoa): Ikasleek euskal joskintza kontziente eta jasangarria ikasi zuten eta arropa diseinatzen eta josten aritu ziren tailerrean. Ekintza honek, jasangarritasuna eta ingurumenarekiko ardura nabarmentzea lortu zuen.
  • Iker Irribarria pilotariaren hitzaldia: Kultura Astearen testuinguruan, pilotariak bere ibilbide profesionalaren pasarte esanguratsuak partekatu zituen gaztetxoekin: lesio larri baten ondorioz kirola utzi behar izatearen erabaki mingarriaren inguruan hitz egin zien, eta egoera horri nola aurre egin zion azaldu zuen. Irribarriaren berbek ikasleengan hausnarketa eragin zuten; hain zuzen ere, kirolaren munduko balioez gogoeta egiteko aukera aparta eskaini zien.

 

Ondorioa

Erreportajean jasotakoak ez dira bakarrak izan; ekintza gehiago ere izan ditugu Aurtengo Aste Kulturalean. Honetan, aurreikusitako helburuak arrakastaz bete dira eta ikasle, irakasle eta familien inplikazioak programazio aberatsa eta gogoangarria ospatzea ahalbidetu du. 

Hilabete gutxi barru datorren ikasturteko edizioa prestatzeari ekingo diogu!