Euskaraldiak atzo, hilak 15, izan zuen bere lehenengo eguna, eta beste hamar egunetan hizkuntza ohiturak euskarara ekartzeko ariketa egingo dute milaka belarriprest eta ahobizik. Gainera, ehunka dira Euskaraldia antolatzeko lanetan dabiltzan herri batzordeak: prestakuntza eskaini, informazioa eman, entitateetara bisitak egin, izen-emateak bildu eta txapak banatu… eta herriz herri, ariketak iraungo duen 11 egunetarako ekitaldi andana ere prestatu dute.
Euskaraldiaren helburua Euskal Herriko txoko guztietan euskara gehiago erabiltzea da, eta hori horrela izateko, garrantzitsua da herritarrek horretarako aukerak eta bilguneak izatea. Besteak beste hori lortzeko, beraz, Euskaraldia izango den egunetan, ekitaldiak antolatu dituzte, Euskaraldia praktikatu eta bizitzeko, giro onean.
Bilboko Euskaraldiak Bilbon antolatu ditu ekitaldiak. Ariketari hasiera emateko Indautxu plazan bildu ziren hiritarrak txapa elkarrekin jartzeko Koldo Olabarri eta Karmele Larrinagaren eskutik. Ariketa indartsu jarraitzeko asmoz, gaur, hilak 16, Deustuko Erriberara mugituko du giroa Berbaizu Euskara Elkarteak Deuskaraldia jaialdiarekin. Idoia Tapiak Alter nation konferentzia performatiboa eskainiko du arratsaldeko 19:30ean Bizinahi espazioan. Ondoren umeen mural margoketa egiteko aukera izango dute, eta bertaratutakoek pintxo-poteaz gozatzeko aukera polita izango dute.
Antolatzaileek modu aktiboan parte hartzeko deia egin dute; izan ere, ekitaldiok euskaraz gehiago eta jende gehiagorekin hitz egiteko aukera baitira. Euskaraldiko webgunean aurki daitezke Euskal Herriko herri eta auzoetan antolatu diren ehunka ekitaldien
Txapa jantzita egunero
Praktika kolektibo honetan txapa ezinbestekoa da aurrean dagoenak zurekin euskaraz lasai egin dezakeela jakiteko. Hala, gainera, hizkuntza-estresa –aurrean duzunarekin zein hizkuntza erabili behar duzun erabaki beharra, aldiro- murrizten da nabarmen.