Euskararen Etxea EMYA 2025 sariketarako hautatua izan da, Europako 42 museo onenen artean. Europako Kontseiluak ere saritu du, eta maiatzean Polonian aurkeztuko du bere lana. Euskal kulturari buruzko ikuspegi berritzailea erakutsiko du.
Euskararen Etxea hautatu dute European Museum of the Year Awards (EMYA) 2025 sarietarako, Europako 42 museo berritzaileenen artean. Gainera, Europako Kontseiluaren eskutik “Europako 2025eko Museoan” saria jaso du.
Euskararen Etxea, sari hauen finalista izateaz gain, Poloniako Białystok hirian egingo den EMYA 2025 kongresuan izango da maiatzaren 21etik 25era. Ekitaldia Oroimena eta elkartasuna ekintza kolektiborako lelopean egingo da, eta bertan izango da Euskararen Etxeko zuzendaria, Iurdana Acasuso Atutxa. Maiatzaren 23an, bi jarduera izango ditu: alde batetik, 30 minutuko hitzaldia eskainiko du Euskararen Etxeko proiektua aurkezteko; eta bestetik, mahai-inguru batean parte hartuko du beste museoekin batera, “Ondare bizia: museoak eta komunitateak orainari forma ematen” izenburupean.
Mahai-inguruko parte-hartzaileak hauek izango dira: Alvor Lifeboat Interpretation Center (Portugalen), Open Air Museum Het Hoogeland (Herbehereetan), eta Collective Memory Point (Errumanian). Bestalde, maiatzaren 24an, 22:00etan, jakinaraziko da EMYA 2025 sari nagusiaren irabazlea.
Museoen berrikuntza eta bikaintasuna sarituz
EMYA sariak 1977an sortu zituen Europako Kontseiluak, eta ordutik, urtero antolatzen du European Museum Forum erakundeak. Helburua Europako museo-eszenaren bikaintasuna aitortzea da, baita berrikuntza bultzatzea ere museoen aurkezpenean eta kudeaketan. Azken bi urteetan berritu edo ireki diren museoei ematen zaizkie sari hauek, ikus-entzuleak erakartzeko duten gaitasunagatik, esperientzia murgiltzaileak eskaintzeagatik eta hezkuntza zein gizarte-erantzukizunean estrategia berritzaileak garatzeagatik nabarmentzen direnei.