Dena den, mezu alarmista honen ostean… ez nator jaiotza tasaren inguruan berba egitera; inondik inora, zeregin hori dagokion adituak zer esan handiagoa izango du, ezta? Gaurkoan, jaioberrien izenen inguruan arituko natzaizue. Egia da gazteok gero eta seme-alaba gutxiago izaten ditugula, baina dituztenek betiko arazoa izaten diraute: zein izen jarriko ote diot? Hori bai buruhaustea!
Beraz, ezer baino lehen, zertaz dihardu hizkuntzalaritzak izenei buruz? Oso modu xumean azalduta, “izenak” izakiak, objektuak edota kontzeptuak adierazteko darabiltzagun hitzak dira. Horrekin bat, euskal esaera zahar honen arabera, “izena badu, bada”; ondorioz, ez duena ez da izango. Ados, argi dago; denok behar dugu izen bat, baina zein izango da “egokiena”? Izenak ezin ditugu korrika eta presakaz jarri, nork ez du nonor ezagutzen haren izena gorrotatzen duena? Pentsa ezazue: bizitza osorako dugu!
Modan bezala, belaunaldietan zehar izenen aukeraketan ere “tendentziak” egon ohi dira. Esan nezake garai batean tx, ts, edota tz txistukariak izenen norgehiagokan topera zeudela; hala ere, urteak aurrera egin ahala, izen “sinple” edota zaharragoak berriro ere garaile agertu dira. Hori horrela, EUSTAT Euskal Estatistika Erakundearen arabera, gurasoek gehien jartzen dituzten neska izenak honako hauek dira: Ane, June, Laia, Irati eta Nahia; mutil izenetan, aldiz, Markel, Jon, Julen, Aimar eta Ibai nagusitzen dira.
Are gehiago, aita-amek izena aukeratzeko arazo gutxi bazituzten ere, azkenaldian izenak direla eta ez direla, eztabaida piztu zen generoari begira. Hau da, unisex izenen kontrako joera gailentzen hasi zen. Antza, “beharra” agertu zen neska eta mutil izenak desberdintzeko. Paradoxa itzela gaur egun identitate eta generoen arteko aldea lausoagoa dela onartu denean, ezta?
Gauzak horrela, Euskaltzaindiak neska eta mutil izenen arteko sailkapen zurruna egitea erabaki zuen, bai eta irizpide erabakigarriak zehaztu ere unisex delako horiek generoaren arabera mugatzeko. Irizpide horiekin bat, neska izenei -a artikulua erantsi zaie eta mutil izenak bere horretan geratu dira; esaterako, “Hodei” mutilei dagokie eta “Hodeia” neskei. Erabaki/gomendio hauek ez ziren oharkabean gelditu; horregatik eta zorionez, egun Euskaltzaindiaren izendegian zerrenda berri bat aurki dezakegu, genero gabeko izenekin hain zuzen ere, “izen epizenoak” deritzonak.
Orduan, bereizketa markatu horrek oraindik dirauen arren; behintzat, genero bako izenak jartzeko aukera ere hor dago. Gure errealitatearekiko atzerapauso baten ostean, saiatu dira nolabait hanka sartze hori “konpontzen”; baina benetan konpondu nahi zuten ala modu ziztrin batez arazoa ezkutatu? Aspaldiko partez generoaz jarduten garenean, ez gara neska-mutil binomioaz bakarrik aritzen, aniztasuna aintzat hartzen baitugu. Hortaz, zertara datoz izenekiko murriztapen hauek? Ez al da garaia genero mugak esparru guztietan behingoz gainditzeko?