Bidea oinatzez estaltzen gara ari

Antxon Agirre 2025ko eka. 24a, 14:18

Euskarazko gazte sormenak plaza ederra izan du Bilbon, beste urte batez. Loraldia Gaztearen “Bidea Bidean Bide” egitasmoa oholtza probaleku eta kulturzaleon aterpe izan da hilabete hauetan zehar.

BIRA kulturgunea, esperientzia honen elkargune izanik, hilabetean behin, ostegun arratsaldez arte-diziplina desberdinak tartekatutako bidaia paregabea izan da. Antzezlanak, laburmetraien proiekzioak, kontzertuak, bertsoak, solasaldiak, autotunea, maskarak, lehen kantuak, entseguak, aspaldiko laguna publiko artean, txaloak, urduritasuna, maitasuna…

Trenaren geldialdi bakoitzak bere berezitasun propioa izan du. Gazteen sorkuntza makinista izanik, euskarazko kultur sormenaren harrobia indartzeko nahia dauka Loraldia Gazteak. Sortzaile berriei aukera duin bat eskaintzeko, esperimentatzeko parada eta jende aurrean aurkezteko plaza da egitasmo honen xede.

Topaleku honek beste helburu bati ere egiten dio ekarpena kultur kontsumo masifikatuak eta hizkuntz hegemonikoek irensten gaituzten programazio garai hauetan. Plaza hau bere txikitasunean kultur zaleak, bereziki, zalego gazteak sustatzeko eta euskal sortzaile berriak deskubritzeko aukera da.

Miren Agur Meabe lekeitiar idazlearen poema batean oinarritzen da dinamika honen lerro burua: “Bidea bidean bide”. Oraina bizi eta ibilbidearen pauso bakoitzaren momentuaz gozatzeko aldarria egin nahi du. Gazte sortzaileen bide luze baten lehen urratsak, urrats bakoitzaren magia izanik helduleku.

Bidelagun paregabea izan da BIRA elkartea eta bertako kideen laguntza. Bilbon, euskarazko arnasgune eta kultur eskaintza ameslari baten erakusle den erreferentziazko espazioa.

Loraldia Gaztearen beste ekimenak azpimarratuz, EHUrekin batera hirugarren edizioz “Sormen Ola” egitasmoa izan da urtarrila eta apirila bitartean. Euskal kultur transmisioa sustatzen duen tailer sorta burutuz. Sorkuntza eszenikoaz hitz egiteko, Olatz Gorrotxategik dinamizatu zuen tailerra, Aitziber Garmendia aktoreak umorearen sormena landu zuen eta Nerea Ibarzabal bertsolari eta idazleak inprobisazioa eta idazteko tekniken inguruan gorpuztu zuen saioa.

Amaitzeko, ekaina bukaeran Lekeition antolatu diren “Sormen Egonaldiez” hitz egin nahi dut. Sormen lanei forma emateko eta eraikitzeko aukera izango dute 7 proiektuk. Guztira, 17 gazte egongo dira beraien sormen prozesuetan murgildurik, arlo desberdinetako tutore erreferenteen laguntzarekin.

Ibil Bedi taldeak dioen bezala: Bidea oinatzez estaltzen gara ari.