Erriberako Auzo Elkarteak, Bizinahik eta Txitxardin Jai Batzordeak Erribera ez dago salgai lelopean kanpaina abiatu dute gentrifikazioaren, maxifikazioaren eta “manhattan” guztiaren kontra egiteko. Ahalik eta auzokide gehien batu eta aktibatzea helburu du, ezberdintasunak alde batera utzita, indarrak eta ideiak partekatzeko gunea. Hori dela eta, bihar, hilak 27, manifestazio deialdia egin dute. Arratsaldeko 19:00etan hasiko da eta ibilbidea Deustuko San Felicisimotik Deustuko Erriberara izango da.
“Azken hamarkadan Erriberak jasandako makro hirigintza-plana eta Manhattanizazioak gure auzoan era duin batean bizitzeko eskubidea kolokan jarri du”, salatu dute Erriberako auzokideek. Etxebizitza salmenta, eta alokairuak %55 eta %140 igo direla adierazi dute.
Auzoa salgai jarri duten arduradunak seinalatu dituzte: Bilboko udala eta Portu Agintaritza, Eusko jaurlaritza, Acciona, Vicinay eta Loiola Gestion Inmobiliaria S.L. Beraien gidaritzapean, Erribera “gentrifikazio prozesu basati batean” murgilduta dagoela azpimarratu dute, eta horrek, gainera, hainbat ondorio eragin dituela: belaunaldien errelebo falta, auzo identitatearen galera, espekulazioa eta turistifikazioa, infraetxeak sortzea eta bizitza sozialaren kaltetzea.
Erriberako auzoa tenkatutako eremutzat hartu dute, eta horregatik premiazko neurriak aldarrikatuko dituzte, prezioen esku-hartzea egin eta egungo bizilagunen errenten araberako etxebizitza duinak eskuragarri jarriz.