Aurten ere, ekaina amaitzear zela, urduritasuna eta emozioa airean antzematen hasi ginen Deustuko Erriberan. Eta beste behin, lau egunez, auzoa kolorez eta alaitasunez jantzi zen. Hondakinen artean loratu eta aldaketa bortitz baten erdian ozen aldarrikatu genuen: Erribera ez dago salgai. Gentrifikazioaren haize hotzak jotzen duen arren, auzoak ez du amore ematen.
Ostegunean, erraldoien eta txistularien kalejirak Txitxardin esnatu zuen, auzokideak irribarre artea txupinazorako batuz. Gure pregoilari maitea Jesse izan zen, urteetan zehar jaietako kartelak egiten aritu den Erriberako cowboya. Lau egunez kapela eta pistola etxean utzi eta 'lumadun trikonioa' jantzi zuen merezitako aitortza jasoz. Tripa sardinaz bete eta, iluntzean, 'Ixxila' eta 'Mortan Konbat'ekin gorputza mugitu genuen: txosnagunea dantzaleku bihurtuz, eta gure eguneko nekea dantzan askatuz.
Ostiralean, auzoko txikienek eguneko lehenengo barre algarak eskaini zizkiguten 'Ostraskidetza' antzerkiarekin. Ondoren, auzoaren egoera salatzeko manifestazio-kalejira batek hartu zuen karrika, aldarri eta pankarta artean: hemen ere jendea bizi da eta gure bizitzak ez daude salgai, ERRIBERA EZ DAGO SALGAI. Aldi berean, nagusienek euren jai propioa antolatu zuten, ohiturak eta zaintza sareak berriz biziaraziz; eta noski, saiheski goxoenak jan genituen. Gauak zerua estali zuen baina Erriberak ez zuen lo hartu: 'Andoni Ollokiegi'rekin abestu eta dantzatu, eta jarraian, 'Drag Show' ikusgarria izan genuen — ikaragarria izan genuen, ausardia eta askatasunaren taupada bat.
Larunbatean, nekea gorputzetan, baina oraindik gogoa piztuta, auzoko txef guztiak martxan jarri ziren. Paella lehiaketan usainak eta umoreak hartu zuten plaza. Egunak egitarau borobila ekarri zuen: igela txapelketa, kukaña, bitsa-festa, pintxada Yolanda González plazatxoan... eta gauak bere gailurra Erriberock jaialdian izan zuen: 'Zaunka', 'Enbata Lorade', 'Pinpilinpussies' eta 'Hmndk TAF' taldeek indar eta soinu bihurtu zituzten gure aldarriak.
Igandeak, azken egunak, nahaste emozional bat utzi zigun: pena, nekea, emozioa eta harrotasuna. Euskal dantzek hasiera eman zioten egunari; eta ondoren bazkari herrikoia, bingo musikatua, 'Zero H' magoaren ikuskizuna, playback eta dantza txapelketak. Amaitzeko, pregoilariaren hitz batzuekin Txitxardini agurra eman genion, besarkada artean, bizipenak bihotzean gordeta, 2025eko jaiak agurtuz.
GORA TXITXARDIN! GORA ERRIBERAKO JAIAK!