Behotsik Orkestrak Gazte Talentuak izeneko programarekin itxiko du 2024/2025 denboraldia. Bakarlarientzako obraz osatuta egongo diren bi kontzertu prestatu ditu, taldea osatzen duten musikariengan eta haien lan onean arreta jarriz.
Orkestrak elkarlana eta talde, disziplina artistiko eta musika- estilo desberdinak uztartzen ditu beti, eta horren erakusle dira azkenaldian egin dituen kontzertuak. Hala ere, kontzertu sorta honekin musika klasikoaren erroetara itzuli eta orkestrako musikariak oholtzako aurrealdera ekartzeko asmoa du.
Kontzertu sorta honek bi geldialdi izango ditu. Lehenengoa Deustuko Done Petri elizan izango da uztailaren 5ean, larunbata, arratsaldeko 20:00etan. Bigarren kontzertua, ordea, Burgosko Oña udalerrian eskainiko dute, bertan kokatuta dagoen San Salvador monasterioan, uztailaren 12an, arratsaldeko 20:00etan.
Aurtengo edizio honetan Mariana Blanco (bibolina), Izei Díaz (kontrabaxua), Yun Erro (bibolina), Naiara Hernández (oboea), Tatiana Hernández (bibolina), Julen Macía (bibolina), Marcos Martínez (klarinetea) eta Sara Prado (klarinetea) arituko dira bakarlari moduan. Proiektua aurrera ateratzeko Laboral Kutxaren babesa izango du Behotsik orkestrak berriro ere.
Orkestra eredu berri bat
Behotsik Orkestra 2011ko udan sortu zuen musika maite zuen gazte talde batek, giro atsegin eta lasaian, musikaz nahiz konpainiaz gozatzen den bitartean ikasi eta hobetzeko helburuarekin. Ideia honen emaitza 15 eta 30 urte bitarteko orkestra gazte eta anitz bat sortzea izan zen.
Behotsikek musika klasikoari egozten zaizkion estereotipoak hausten ditu, eta gero eta jende gehiago erakartzea lortzen du bere errepertorio berritzaile eta apurtzailearen bidez: filmen soinu-bandei eskainitako programak, rock sinfonikoa, umeentzako opera, baita rap eta hip hop estiloko disko baten grabaketa Aneguria rap abeslariarekin batera.
Orkestraren ezaugarrietako bat kudeaketa eredua da: erabaki guztiak asanbladan hartzen dira, musikari bat-boto bat printzipioan oinarrituta. Bertan erabakitzen dira errepertorioak eta kontzertuak.
2022. urtean bere hamargarren urteurrena ospatu zuen. BEHOTSIK: 10 urte, hamaika lagun ikuskizuna eskaini zuen gainezka zegoen Euskalduna Jauregiko Auditorioan. Oholtzan 250 pertsona baino gehiago bildu zituen megaprodukzioa izan zen.
2023ko abuztuan, Behotsikek Sancho Almendral izendatu zuen orkestraren Zuzendari Titular berri, elkartearen jardueraren profesionalizazio-prozesuan beste urrats bat emanez. 2025eko urtarrilaz geroztik, Sancho Almendralek orkestraren zuzendaritza utzi behar izanagatik, ordura arte orkestrako perkusionista eta zuzendari laguntzailea zen Nicolás Serranok hartu zuen bere tokia.