Badira paisaia batzuk barru-barruan ditugunak. Nire paisaiek badute ura, herdoila eta zementua. Barruan ditut Nerbioi, Errontegi eta Molinos Vascos. Moilako lantokiak, urteen poderioz erdi-abandonatuak; katu-banden palazio pribatu eta proletarioen artean proletarioenen bizitoki diskretu direnak. Begiak itxi eta ikus ditzaket oraindik autobuseko bentanaren beste aldetik irudiak pasatzen, bata bestearen atzetik. Amaitu gabeko lekuen itxura daukate. Ikusten ditut urertzean koskak, barandarik gabeko porlanezko plataformak; ikusten ditut espaloirik bako erreka ertzak, ondoan pabiloien segida luzeak dituztela. Eta jendea hor, arrantzan asfaltotik behera, paseoan errepide ertzetik, murru txikietan egonean. Aulki plegablea zementuan finkatuta eta erdi biluzik, azala dir-dir, hiriko plaia antzinakoenean eguzkia hartzen. Errontegi zubia dute atze-oihal, eta hiru-lau garabi, lehengo eta gaurko makina-monumentuak.
Zer egingo diogu, bada, desindustrializazioak eta azpiegitura handiek inguratuta hazi bagara? Zementuak uretan duen isla gure egin badugu eta barru-barrura sartu bazaigu. Jendea zabalduko bagenu, paisaiak aurkituko genituzkeela zioen Agnès Vardak. Hemen dituzu nireak, gutxi batzuk sikiera.