Herri egiten gaituena

Itxaso Sainz Nuñez 2025ko uzt. 11a, 08:43

Ez dakit nire irudimena izango ote den… baina inoiz ez zaizue honakoa burutik pasa? Eta… futbolik gabeko mundu batean biziko bagina? Nahiko tamalgarria bada ere, ziur aski, gutariko asko huts eta noraezean ibiliko ginateke, gure denbora librean zer egin ez dakigula. Areago, inoiz pentsa duzue zenbat denbora ematen diogun kirol honi begira? Gaur ligako partidua dago, etzi UEFAkoa… bizitzaren gainerako alderdietan elkarrekin antolatzeko horrelako interesa nahiz gogoa jarriko bagenu…

Tira, irakurle, argi dago gaur egun horrelako mundu bat irudikatzea pentsaezina dela, baina goazen amets egitera apur bat. Ezer baino lehen, hala izango balitz, beste kirolaren batek hartuko luke gaurkoan futbolak duen nagusitasun bera? Beharbada, bai… batek daki. Hala ere, utopiarako atea behin irekita, jarrai dezagun ametsetan, ezta?

Azken batean, kirola mundua ikusteko, bizitzeko edota egunerokotasunaz aldentzeko bidea da askorentzat. Dena den, aldi berean, kirola ez al da herri baten nortasunaren irudia, belaunaldien arteko zubia edota komunitate baten isla? Ados, nazioarteko kirolen zaleak izan gaitezke, inolako arazorik gabe, noski; baina geure herria diren kirolak alboratuko ditugu?

Egia da eta zorionez, herri kirolak gurean daude eta geroz eta presenteago gainera. Nor ez zen aritu Gernikan izandako Euskal Selekzioaren zesta-puntako debut historikoaren inguruan edota bazenekiten sokatira kirol olinpikoa zela? Are gehiago, nork pentsatuko luke emakume aizkolari bat ikusteko jaioak izango ginela? Non eta Fermin Muguruzaren kontzertuan!! Hori bai harrikada gurea!!

Baliteke geure mundu idiliko horretan herri kirolak norgehiagoka gustukoen iturri nagusi bihurtzea. Edozelan ere, errealitatean bizi gara eta esandako aurrerapauso horiek guk eginak dira, errealak, geure gizartearen ispilu. Hara bada, egin dezagun bada aurrera, ahaztu gabe izan ginena, ez dira geure arima lapurtzeko gai izango; hori bai, horretarako giltza guk geuk baino ez dugu.