Hormek diote III

Itsaso Larramendi Elexgaray 2025ko abu. 6a, 08:54

Orain dela hamar urte idatzi zuten SOÑAR Olabeagako atariko mehelinean. SpY artistak ondu zuen proiektua SC Gallery-rekin batera, eta lan bertikaletako bi langilek gauzatu. Vivir, volar eta paz omen ziren beste hitz posibleak, eta eraikineko bizilagunek soñar-en alde egin zuten. Obraren deskribapenak dioenez: “Arte publikoa askotan lotzen zaio hiri-errealitateari buruzko jarrera kontestatarioari. Hala ere, proiektu honek balioan jarri nahi du herritarren bizikidetzatik sortzen den hausnarketa positiboa.”

Azaldu diezagutela ba, letra erraldoiz idatzita ere, zer nolako hausnarketa eragin dezakeen SOÑAR hitza irakurtzeak (ez bada hiriko paisaia linguistikoan gaztelaniak duen hegemoniaren ingurukoa). Baina bizikidetza irudikatu nahi izatea termino unibertsalista eta hutsalen bitartez ez da kontu berria. Delgadoren arabera, espazio publikoaren harmonizazioa baliatzen da bake sozialaren irudikeria sortzeko; kapitalismoak berezko dituen ezberdintasun sozialak disimulatzeko. Bizikidetzaren irudikeriak egiten duelako kalea salgarri.

2017an Last Tour Internationalek eraikin horretara lekualdatu zuen bere egoitza. 2023an bi enpresa promotorek mehelinaren aurreko Bar Noruegaren lursaila eta ondorengo eraikin industriala erosi zituzten apartamentu turistikoak egiteko. Aste honetan Bilbao Ría 2000 sozietateko zuzendariak esan du “Olabeaga deitua dagoela hirian paper garrantzitsua betetzera”. 600 etxebizitza berri datoz trenbidearen lurperatzeak utziko duen hiri-hutsunean.

Hausnarketa positiborik ez dakit, baina gentrifikazioaz eztabaidatzeko aitzakia emango digu SOÑAR hitzak.