HI HAIZ HI ARTISTA

Antxon Agirre 2025ko abu. 8a, 09:44

Deustualdeko ume eta gazte bihurriok abentura berezia bizi dugu urtero, Txantxiku Aisialdi Taldeako udalekuetan. Zoramen eder honen erdian ari naiz lerro hauek idazten. Izan ere, Txantxikuk euskararen oldarraldi bete honen erdian ekarpen ezinbestekoa egiten dio ume, nerabe eta gazteen arteko harremanak euskaraz ehuntzeari. Gozamenetik eta informaltasunetik euskal oasi ezinbestekoa sortzea ahalbidetzen du udalekuen magiak.

Harreman sare berrietan eta elkarbizitza intergenerazional honen eraikuntzan, euskal sorkuntza eta kultura bidelagun handia da. Musikak, kantuek, dantzek zein bertsoek sentimenduak eragin eta bulkada berezia eragiten dute taldetasun sentimendua areagotzeko. Helburu ederra da hau, lehen laguntasunak euskaratik eta euskaraz sortzea gozamenarekin uztartuz. Hori da Txantxiku, mundua ikusteko betaurreko berezi bat, sormena landu eta lotsak galtzeko etxe bat. Ikaragarria da hamaika egun hauetan sortzen diren antzelantxo, kantu, dantza zein testu ederrak. Txantxiku, sorkuntza desberdinen lehen oholtzartzea ere bada, adierazpide artistiko desberdinak probatu eta elkarbanatzeko gunea.

Horren erakusle adierazgarriena da “Hi haiz hi artista!” gaubela. Euskara, transmisioa eta sormena uztartzen dituen ekintza. Ume guztien gogo eta aurre-prestaketa lanek adierazten dute posible dela gozamena eta euskara elkarlotzea. Testuinguruak sortzean dago gakoa.

Eta, horretan egiten dugu lan begiraleok, sinetsita gaudelako testuinguru hauek euskal kulturgintzarekin uztartuz pauso handiagoetara heldu gaitezkela. Transmisioa eta ezagutza garatzeko gorputzetik bizi behar delako edo ez da gauzatuko. Zer beraz udaleku batzuk baino espazio erosoagorik.

Sormena da bidea. Iku, iku Txantxiku!!