Higienismoaren izenean

Itsaso Larramendi 2025ko ira. 19a, 14:52

Calaisera egin du martxa Mugak Zabalduz karabanak aurtengo uztailean; Frantzia iparraldeko mugara, Erresuma Batuko eta Europar Batasuneko lurrak elkar ukitzear dauden puntura. 

Calais da lotura puntu bezain beste, kontentzio gune. Lekuaren izaera osatzen dute portua eta Eurotunela bezalako mugikortasunerako azpiegiturek, eta baita mugaren euste dispositibo eta arkitekturek ere. Iluntzean, plaia beretik begiztatzen dira ferryak joan-etorri etengabean eta airez puztutako batelak itsasoratze esperantzatuan.

Calais da bizigune bezain beste, biolentzia eremu. Muga zeharkatu nahi dutenek kale-zirrikituetan kanpatzen dute, bizitza-leku deritzoten guneetan. Telazko bizitokiak dira; egun, hilabete zein urteetan zehar okupatuak, igarotzean dabiltzanen etxe prekarioak. Augéren ez-lekuak bizitza-leku dira bertan.

Calaisen bat egiten dute mugaren dispositiboek eta kalearen higienizaziorako teknikek. Muga hiriko kaleetan zehar hedatzen da: berdeguneetan jarritako harri handiek eragotzi egiten dute pertsonen egotea; alanbre arantzadunez koroatutako murruek errepide bazterrak zigilatzen dituzte; metalezko hesiek tunel-babeslekuak hesitzen dituzte.

Calaiseko bizitza-lekuak bi egunerik behin husten dituen indarkeria polizial bera da Gasteizko jaien bezperatan Andre Maria Zuriaren plazan kanpatutakoak kanporatu dituena. Latitudeak bi dira eta subjektu bortxatuak diferenteak, baina politika ideologikoa bera da: kalea biolentziaren bitartez higienizatzea gatazka eta prekarietatea begi bistatik desagerrarazteko.