Gora Deustu auzo elkarteak Gora Deustu Anitza egitasmoa jarri zuen martxan pasa den udaberrian bizitza komunitarioa indartzeko bere helburuarekin. Prozesu horren ondorioetako bat Deustuko jatorri eta kultur ezberdinetako komunitate eta pertsonak biltzeko elkarguneen beharra izan zen.
Sortutako elkarguneak aisialdi espazio irekien bidez eraikitzea apropos dela uste dute, eta horregatik, pasa den ostegunean egindako aurkezpenean, dozenaka pertsona bildu ziren Deustuko Bidarte Udaltegian urriaren 25ean antolatu duten ospakizun egunez jarduteko, eta egitasmoaren filosofia eta egitaraua ezagutzeko.
Beraz, urriaren 25a mendi martxa batekin eta Deustuko KM Bertikalaren hirugarren edizioarekin abiatuko dute, eta jarraian Done Petri plazan tailerrak, munduko dantzak, herri bazkaria, kulturarteko bazkalosteko ikuskizuna eta HMNDK ETXERA eta Hija del Nopal-en kontzertuak egongo dira.
Argazki herritar baten bidez, Gora Deustu auzo elkarteak deustuarrei dei egin die urriaren 25ean parte hartzera; egungo gizartean mehatxu diren ideia xenofobo eta arrazisten aurrean, elkarrekin deustuarren arteko loturak estutu eta bizitza komunitarioa indartzeko.