Lancor eta Consonni Pabilioiak desalojo eta berehalako eraisketaren arriskuan daude

uriola.eus 2025ko urr. 2a, 11:56

Deustuko Erribera eta Zorrotzaurre artean dauden Lancor eta Consonni Pabilioiak desalojo eta berehalako eraisketaren arriskuan daudela jakinarazi dute Deustuko Erriberako auzokideek, eta horren aurrean, Elkartasun Afaria antolatzea erabaki dute ostiral honetan, urriaren 3an.

Deustuko Erriberan eta Zorrotzaurren txaboletan eta abandonatutako pabiloietan ia 100 pertsona bizi dira, eta pasa den irailaren 17tik 18rako gauean, goizaldeko laurak aldera, poliziak Lancor eta Consonni pabiloietan gaua igarotzen ari ziren pertsonak identifikatu zituen. Jakinarazi zieten pabiloiak berehala utzi behar dituztela, laster eraitsi egingo dituztelako, eta, hala egin ezean, bertatik kanporatuko dituztela. Horrek 80 pertsona kale gorrian uztea ekarriko du.

Horren aurrean, Erriberako hainbat auzokidek, pabilioietan bizi diren pertsonek eta Bilboko beste militante batzuek, urriaren 3an Elkartasun Afaria antolatu dute Lancor eta Consonni ondoan, arratsaldeko 18:00etan. Honen helburua desalojoaren eta eraisketaren aurrean bertan bizi diren pertsonak babestea eta Bilboko Udalari negozioazio-kanal bat irekitzea da irtenbideak bilatzeko.  “Makroproiektuak aurrera egin ahala, alde egiteko pairatzen duten presioa gero eta itogarriagoa da. Traba egiten dute Manhattan berrian”, adierazi dute Erriberako auzokideek.

Azaldu dute pabiloi horiek hustea eta eraistea berehalako kontua dela, baina bertan bizi direnek ez dutela jakinarazpen ofizialik jaso, eta ez dago pertsona horiek beste nonbait kokatzeko plan publikorik. Ildo horretan, desalojoa legez kanpokoa izango litzatekeela salatu dute, pabiloi horiek bizileku gisa funtzionatzen dutelako.

“Horrelako jarduerak guztiz gaitzesgarriak zaizkigu berez, baina are larriagoa iruditzen zaigu horrela jokatzea gizartean bazterturik dauden pertsonekin”, azpimarratu dute. Pertsona horiek bizilagunak eta auzokideak diren bezala, argitu dute  ezin dutela onartu zaurgarritasun egoera hori pairatzea eta “normaltzat” hartzea.

“Ezin gara bidegabekeria horien aurrean isildu”, aldarrikatu dute, eta horregatik urriaren 3an egingo duten afari solidarioan bi pabiloiak legez kontra husteko eta bertan bizi direnei inolako alternatibarik eskaini gabe eraisteko asmoa geldiarazteko eskatuko dute, eta Udalari exijitzeko negoziazio-kanal bat ireki dezala irtenbideak bilatzeko.